BULEGO, denda eta zerbitzu ezberdinetara jo ohi dugu egunero herritarrok. Harrera euskaraz egitea gustatuko litzaigukeen arren, batzutan, ez dugu horrelako erantzunik jasotzen. Beste batzuetan, kartelak eta halakoak euskaraz beharko luketen lekuan ez dugu halakorik aurkitzen. Ez da erraza izaten horrelako egoerei aurre egitea eta horretarako Dobera euskara elkarteak, Behatokiarekin elkarlanean, Kexen Kaxa izeneko zerbitzua jarri du martxan, euskarari lekurik eskaintzen ez zaion kasuetan, herritarrek kexa bideratzeko.
Hala ere, alderantzizkoa ere gerta liteke, hau da, espero ez genuen lekuan euskararen presentzia uste baino haundiagoa izatea. Horretarako ere balio du Kexen Kaxak, ahalegin horiek zoriontzeko.
Kexen Kaxa zerbitzuaren funtzionamendua
Orain arte herritarrek Behatokira jo izan dute euskararen inguruko proposamenak eta hobetu litezkeen gauzak komentatzeko. Kexen Kaxa egitasmoaren bidez, Doberak zerbitzu hau herritarrengana gerturatu nahi izan du.
Herritarrek euskararen inguruan zerbait komentatu nahi izanez gero, Dobera euskara elkartearekin harremanetan jarri daiteke, 943 332799 telefonoaren bidez, dobera@dobera.com helbide elektronikoaren bidez edo bulegora bertara joanda (Larramendi 11, behea).
Dobera euskara elkarteak jasotako kexak sailkatu eta erabakiko du zein diren berak bideratzeko modukoak eta zein Behatokiak bideratzeko modukoak.
Hurrengo urratsa da kexa edo zoriontzea dagokion pertsonarekin harremanetan jartzea, eta kexa edo zoriontzearen berri ematea. Kexen kasuan, beti ere bere esku izango da egin beharreko aldaketak egitea. Aldatzeko borondatea izanez gero Doberak egoerari buelta eman ahal izateko, gomendio edo aholkuak emango dizkio.
Bukatzeko Doberak edo Behatokiak heritarrari emango dio kexaren erantzunaren berri.
Iaz martxan jarritakoa
Kexen Kaxa ekimena iaz jarri zuen martxan Dobera euskara elkarteak. Orain kanpaina honen berri emateari ekin dio. Horretarako, besteak beste, esku-orriak banatuko ditu etxez-etxe. Kultur etxe, udaletxe eta anbulatorioan ere aurkitu ahal izango dira esku-orri hauek. Esku-orri hauetan modu erraz eta praktikoan azaltzen da Kexen Kaxa ekimenaren funtzionamendua. Dobera euskara elkarteak herritarrak animatu nahi ditu, kale, denda, administrazio eta bestelakoetan euskaraz aritzera, hizkuntzari beste bultzada bat emateko.