La Cumbre urbanizatzeko eta bide gorri berri bat egiteko proiektuak onartu dira

Kronika - Erredakzioa 2008ko mar. 2a, 01:00

Joan den astearteko Gobernu batzarrean onartu ziren bi gaiak. Orain obrak kontratatzeko deialdia egingo da. Obrak aurten hasiko dira.

la Cumbre urbanizatzeko proiektua eta Atarrabiyo ondoko errotondatik Atsegindegi ingurura arte bide gorria egiteko proiektuak onartu dira. Proiektu horiek egiteko enpresak kontratatzea izango da hurrengo urratsa, eta hori deialdi publiko bidez egingo da. Ondoren obrak hasi beharko lukete, aurreikusi dutenez, aurten. La Cumbre berrurbanizatu La Cumbre berrurbanizatzeko proiektuak 511.087 euroko aurrekontua du. Berrurbanizazio obra honetan La Cumbreko bidea konponduko da; era guztietako ubideak berrituko dira (ur zikinak, edateko urak...); kaleko argi instalazioa berrituko da; gas kanalizazioa egingo da; eta elektrizitate eta telefono kanalizazioa lur azpitik pasako da; eta senalizazioa ere jarriko da. Obrak hasi eta 24 astetan egin beharko dira. Bidegorria Atarrabiyoko errotondatik Atsegindegira Bidegorri berri bat egiteko proiektua ere onartu zen Gobernu batzordean. Bidegorria Atarrabiyo parke ondoko errotondatik Atsegindegiraino joango da, Urbieta kalean barrena. Obra honek 158.153 euroko aurrekontua du. Bidegorri hau dagoeneko eraikita dagoen beste bide gorri batekin lotuko da, haurtzaindegitik Antziolan barrena Atarrabiyoko errotondaraino dijoanarekin.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!