Abortoa legala da? ez da legala? Egin, egiten da. Emakume eta gizon askok ez dakite zein den egoera.
Egungo legediaren arabera, abortoa delitoa da Araudi Penalean. Eta hiru kasutan bakarrik ez da delitotzat jotzen abortoa.
Zeintzuk dira hiru kasu horiek?
Lehenengoa, bortxaketa bat dagoenean; salatu egin behar da eta 12 asteko epea dago; bigarrena, umeki edo fetoak malformazioren bat baldin badu; kasu honetan, bi ginekologok egindako txosten bana behar dira, eta txostena ezin du egin abortoa egingo duen medikoak; eta hirugarrena, amaren bizitza edo osasun psikiko edo fisikoa arriskuan baldin badago; kasu honetan, mediku batek baieztatu behar du eta ez dago eperik.
Haurdun nago eta ez dut umea izan nahi. Ez daukat dirurik klinika pribatu batera joateko. Zein aukera ditut?
Egun ia ez da abortorik egiten osasun zentro publikoetan. Abortoak kasu batzuetan delitu izateari uzti zionean, 1985ean, Felipe Gonzalezen gobernuak onartu zuen langileek kontzientzi eragozpena aitzaki, aborturik ez egitea, baina inon ez dagoenez idatzia nortzuk diren objetoreak eta nortzuk ez, ez da jakiten jende nahikoa dagoen edo ez abortoak egiteko.
Kontua da abortoen %2 ere ez dela egiten osasun zentro publikoetan. Osasuneko eta gobernuko arduradunak lasai arraio geratzen dira, bitartean emakumeek klinika pribatuetara jo eta osasun zerbitzu bat ordaindu behar dute, osasun publikoan berez dagokiena.
Gainera, sare publikoko ginekologo gehienak ez dira objetoreak, baina bai, eta gehienak, Ginekologia eta Obstetrizia Zerbitzuetako Buruak. Eta, esaerak dioen bezala, nagusia dagoen lekuan, ez du morroiak agintzen. Kasu nabarmenena Nafarroakoa da.
Abortoak kasu batzuetan delitu izateari utzi zion duela jada ia 23 urte. Hala ere, egun oraindik klinika pribatuek egiten dituzte espainiar estatuen egiten diren abortoen %98. Eta bertako profesionalak dira aurrera egin dutenak, asko gainera, esparru honetan, urteetako esperientziaren bidez, eta beren interesari esker, osasun zerbitzu hori ahalik eta baldintza onenetan emateko. Hain zuzen ere, hemen egin diren biltzar, mintegi eta symposium guztiak gai honen inguruan, klinika pribatuek eginak dira. Osasun Publikoak, ezta bat ere!
Gai honen inguruko interes partidistak aipatzen dituzue. Hainbeste boto al dago jokoan? Bestalde, zergatik ugaritu dira azkenaldian abortoaren kontrako taldeak? Zer defendatzen dute? Nortzuk dira?
Uste dut orain klinika asko jasaten ari diren eraso eta sorgin ehiza (klinika batzuk itxi egin dituzte Madrilen eta Bartzelonan), asko duela ikusteko hauteskunde garaiarekin eta abortoaren kontra dauden taldeen, ultrakontsebadoreen eta neo-nazien oldarkeriarekin. Madrilen se-kulako dirutzak jasotzen dituzte talde hauek Esperanza Aguirreren gobernuaren eskutik.
Bestalde, Aznarrek, gobernuko presidente izan zenean, ez zuen orduko legedia indargabetu, ezta aldatu ere. Orain ere PPk ez du ezer bere hauteskunde programan eta hala ere, gotzaiak (beraiek pozik!), Familiaren Aldeko Foroa eta erakunde katoliko zaharkituenak harrotu ditu kalera ateratzeko emakumeok abortatzeko dugun eskubidearen aurka. Hipokrita hutsak dira!
Zeri buruz hitz egin zenuen zehazki asteazkeneko hitzaldian?
Hitzaldian egungo egoera azaldu nuen, zergatik dagoen dagoen bezala eta nola aldatu beharko litzatekeen legea, berriz ez gertatzeko orain gertatzen ari dena, emakumeon eskubideekin zerikusia duen gai honekin.
Harrera ona egin zizuten Hernanin?
Oso pozik joan nintzen Hernanira, nire herrira, gai honi buruz hitz egitera. Edozein aitzaki da ona etxera itzultzeko, eta are gehiago honekin! Gainera, lehenengo dia zen deitzen nindutena eta emozionatua etorri nintzen.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!