Hiri debekatuaren mapa: hirigintza eta ikuspegi soziala eskutik helduta

Kronika - Erredakzioa 2008ko ots. 29a, 01:00

HIRI debekatuaren mapa aurkeztu zuten atzo Marian Beitialarrangoia Alkatea eta Usoa Barrutiabengoa Berdintasun Saileko zinegotzi arduradunak. Haiekin batean izan ziren ekimen hau aurrera eraman duten berdintasun agente, teknikari eta Hiria kolektiboko kideak. Hiri debekatuaren mapa Berdintasun Kontseilutik datorren ekimena da. Ekimen horretan Hernaniko hirigintza eta espazio publikoa aztertu dute, herritarren partehartzearen laguntzarekin. Honela, sektore ezberdinetako herritarren (haur, heldu, zahar...) eta batez ere emakumeen ekarpenak bildu nahi izan dituzte, herrian barrena eroso sentiaraztea saihesten duten elementuak aurkitzeko. Guzti horrekin mapa bat osatu dute, eta bertan zehaztuta daude puntu guzti horiek, eta baita puntu horiek erosoago egiteko proposamenak ere. Mapa hori buzoneatu egingo dute, etxez etxe. 300 pertsonen parte hartzea Hiri debekatuaren mapa osatzea hilabeteetako prozesua izan da eta bertan herriko sektore ezberdinak inplikatu dituzte, bakoitzarekin lanketa ezberdinak eginda. Batetik, auzo elkarteetako emakumeak eta emakume elkarteetako kideen ekarpenak jaso dituzte. Kontuan hartu behar da gaur egun emakumeak arduratzen direla, kasu gehienetan, etxeko lanetaz, erosketetaz eta gainerako errekaduetaz. Askotan haur, aulki eta poltsez kargatuta ibiltzen dira herrian barrena, eta zer esan haundia izan dute herriko hirigintza erosoagoa egiteko garaian. 14 eta 16 urte arteko neskak izan dira parte hartu duen beste sektore bat. Hauekin herriko hirigintza aztertu da segurtasunaren ikuspegitik, eta proposamenak egin dituzte. Zenbait lekutan bakarrik ibiltzeak beldurra ematen du eta horiek hobetzea proposatu dute. Leku horiek sinbolo batekin ere markatu dituzte. 14 eta 16 urte arteko mutilekin ere aritu dira. Hauekin gizontasuna eta indarkeriaren inguruko tailerra egin dute. Horrez gain, etxeko lanak eta etxeko espazioaren inguruko lanketak ere egin dituzte. Jarraipena Azaldu zutenez, lanketa hau ez da bukatu mapa argitaratzearekin. Oraindik ere ekarpenak jasotzen ari dira, beste honako blogaren bidez: http://hiridebekatua- hernani.nireblog.com. Hiri debekatuaren mapa. Adibideak: PORTUKO TREN AZPIKO PASABIDEA Oinezkoentzako espaloiak oso estuak dira eta kotxeek dute lehentasuna. Pertsonen ikuspegia kontuan hartuta zenbait aldaketa proposatzen dira: pasabide guztia kota berean jartzea eta oinezkoei lehentasuna ematea. OSIÑAGATIK PORTURAKO ETA KARABELERAKO BIDEA Ez dago oinezkoentzako bide egokirik, eta argiztapena kotxeentzako diseinatua dago. Oinezkoentzako eta bizikletan ibiltzeko bide seguru bat sortzea proposatzen da, kotxeetatik babestua eta argiztapen egokiarekin. PANA parkea eta apeaderorako eskailerak Apeaderora joateko gune nagusia da, eskailerek ezkutatzeko leku ugari dituzte eta gainera ilunabarretik aurrera oso gutxi ikusten da. Gainera, eskailera ingurua zaindu gabe dago. Beheko auzoetatik herriguneraino bide argitsu eta irisgarria landu beharko litzateke. Parkea irekitzea eta igogailuaren proiektua lantzen ari da Udala. EREÑOTZU AUZOA Auzoak ez du herriarekin lotura egokirik. Ezinezkoa da herrira oinez joatea eta garraio publikoa oso eskasa da. Ondorioz kotxearen menpe daude, eta jende ugari baztertuta geratzen da. Autobus publikoaren zerbitzua hobetzea eta oinezkoentzat zein bizikletetarako bide egokiak sortzea proposatzen da. Herriarekin lotuko duen bidegorriaren proiektua martxan da. Auzoak ekipamendu propioak behar ditu.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!