Zein da liburuaren tesi nagusia?
Nahiko garbi ikusten da izenburuan. Duela 16 urte Txalapartak Txema Ramirezen ¿Héroes o villanos? liburua argitaratu zuen. Orduan ere autoreak galdetzen zuen hura ote zen poliziaren lana edo beste helburu batzuei erantzuten zien. Egun, 16 urte geroago, galdera hori erantzun daiteke. Ertzaintza PNVk jarritako bidea egiten ari da.
Eta tesi hori sostengatzen duten ideia nagusiak?
Paradojikoa da, 1937an Ertzaintza sortu zela (10 hilabetez iraun zuen) eta orduan ere, PNV-k bere ariketa politikoa egin zuen. Orduko politikak eta egungoak lotura handia dute: batetik, Ertzaintzaren arduradun politikoek arduragabekeriaz jokatu zuten; bestetik, orduan ere Espainiako poliziatik arduradunak hartzen ziren Ertzaintza osatzeko; eta azkenik, orduan ere Ertzaintza helburu ekonomikoei lotutako fenomenoa zen. Ez lehen, ez orain, PNVk ez du Ertzaintza herriaren interesak defenditzeko erabili, baizik eta bere interesak defenditzeko.
Harrera ona izan du liburuak?
Kontuan hartu behar da saiakera liburuek, eta are gehiago politikari buruzkoek, ez dutela arrakasta haundirik izaten. Hala ere, 3 hilabete dira argitara eman genuela eta dagoeneko 4.000 ale saldu dira.
Eta Euskal Herritik kanpo?
Kataluinian Mossoak berriagoak dira, baina antzeko arazoak izan dituzte. Hitzaldi bat ematera joateko deitu didate.
Izenburu polemiko samarra, ezta?
Guretzat Cipayos izena iraingarria da. Are gehiago, senten-tzia batzuen arabera delitoa ere izan daiteke hitz hori erabiltzea. Galdera ikurren artean jarri dut Cipayos hitza, hain zuzen ere, Ertzaintzak eta PNVk aukeratu behar dutelako zein izaera eman nahi dioten. Bestalde, galdera ikurrak erabiltzeak arazoak saihesteko ere balio du.
Arazorik izan duzue izenburua edo edukiekin?
Espero genuen, baina oraingoz ez. Herrizaingoak bi bide hartu ditzake honelakoetan: egurra eman (horrek propaganda suposatuko luke liburuarentzat eta egia esan, ez zaie komeni) edo ez ikusiarena egin eta oraingoz bigarrena egin dute. Aurrerago ikusiko dugu.
Edukiei dagokienez, zaila da arazoak izatea, izan ere, irudi konparatiboak erabili ditut. Alegia, alde batetik, Ertzaintzak izan beharko lukeena, alde onak nolabait esateko; eta bestetik, Ertzaintza dena eta egiten duena. Nik ez dut ezer asmatu; prentsatik, txostenetatik... lortu ditut datu guztiak. Liburu hau herri mugimenduaren labean sortu da, herriz herri: datuak hor zeuden, erasoak, tortura salaketak... material hori sakabanatua zegoen eta nik bildu besterik ez dut egin.
Gainera, bildutako datuak beldurgarriak dira. Liburuaren atal batean konparaketa bat egin dut. Miguel Castells abokatuak 1981ean Radiografías de un modelo represivo liburuan transizio garaian poliziaren errepresioari buruz jasotako datuak eta egungo datuak konparatzen ditut, eta oraingoak gogorragoak dira.
Iñaki Anasagastik kritika haundia egiten dizu bere blogean.
Ez du merezi. Topikoz betetako ideiak botatzen ditu.
Nondik nora sortu zitzaizun ideia?
Azkeneko su-etenean, hau hasi eta berehala egin zituen lehen atxiloketak Ertzaintzak. Orduan pentsatu nuen.
Zuk bizitu duzu salatzen duzuna?
Bai, baina horretaz gain, testigantza asko jaso ditut. Amorrazio handia ematen dit katebegi ahulenak (presoen senideak...) nola zigortzen dituzten ikusteak; edozein gatazka politikotik haratago dauden gauzak.
Hernani ezagutzen duzu.
Bai, hemen lan eginda nago, herriko errealitatea ezagutzen dut. Gai honekin lotuta burura etortzen zait abenduan urteroegiten den presoen aldeko ekitaldia; urte gogorrenetan ere egin da, eta zer da, eta orain, debekatu egin dute.