Euskal Herriari
Harriduraz eta, zergatik uka, haserre eta minduta irakurri ditugu Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren izenean zenbaitzuek plazaratutako adierazpen larriak guri buruz.
1.- Lehenik eta behin, jakinarazi nahi dugu gu geu izan garela Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren egitura uztea deliberatu eta gauzatu genuenak, geure ekimenez eta askatasun osoz. Joan den urteko azaroaren lehen egunetan hartu genuen behin-behineko deliberamendua eta horren berri eman genien berehala Logroñoko kartzelako beste euskal preso guztiei, zuzenki eta argudiatuki, bai eta presoen eskubideen defentsan diharduen pertsona jakin bati ere, gure erabakiaren zergaitiak eta behin betikotasunak argiro azalduz. Kartzela honetako preso politiko guztiak horren lekuko dira, gure senideak eta lagunak lekuko diren bezala. Beste euskal preso politiko batzuk ere horren testigu dira. Donostiako eta Hernaniko ´Etxerat` elkarteari ere gure senideek berehala eman zieten gure erabakiaren berri.
Beraz, ez gaitu inork kanporatu. Nekez kanpora dezake inork beste inor, beronek lehenago jada bere burua, bere borondatez eta gardenki, kanpo utzi badu zegoen egituratik. Agintekeriak eta soberbiak gehiago dauka EPPK-ren izenean hartutako gure ´kanporaketaren` erabakiak, zentzuzko erreakziotik baino.
Areago, azaroaren azken egunetan gutun luze bat helarazi genien EPPK-ren arduradun gorenei, bertan erabakiaren berri izkribuz emanez eta gure arrazoi nagusiak garbiro azalduz. Gutun horren kopia integrala eransten dugu idazki honen amaieran, lekuko eta argigarri gisa.*
Hau guztia ikusita, oso nekez uler daiteke EPPK-ren izenean agiri bidez mintzatu direnen borondate ustez ´argitzailea`, diotenez gure jarreratik ´erator litezkeen nahasketei eta intosikazioei aurre egitearren` eman baitzuten agiri hori argitara. Zeren eta, gure azaroko erabakiaren berri garbiro eta desitxuratu gabe eman beharrean, akusazio larriak jaurtitzera mugatu baitira, datuak eta inputazioak konstrastatu eta egiaztatu gabe. Guk diskrezioaz eta zegokion eran helarazitako gutunak erantzun txukunagorik eta gizalegezkoagorik, iritziak iritzi, merezi zuen, egunkarietara jo behar izan gabe. ´Etsaiaren manipulazioa` ekiditeko bide hoberik erabili zezaketen, inondik ere. Zer ez ote zuketen esan guk haiek bezala jokatu izan bagenu!!
2.-Gure ´kanporaketa justifikatzeko eman duten arrazoi nagusia ´Espetxe Zuzendaritzaren bultzadarekin Baskongadetako Gobernuak bere helburu iruzurtiak aurrera eramateko izendatutako ordezkaritzarekin` gu biok bildu izana izan da, eta zehazkiago Txema Urkijo jaunarekin ´hainbat bilera pribatu egin izana` biok.
Hasteko eta behin, gezur borobila da Jose Luis Alvarez Santa Cristina Urkijo jaunarekin inoiz eta inon bildu izana. Jose Luis Alvarezek ez du sekula Urkijo jauna ikusi, ez ezagutu, ez eta Espainiako zein Baskongadetako Gobernuko ezein ordezkaririk, ez emisariorik.
Bigarren, egia da Kepa Pikabea behin, eta behin bakarrik, Urkijo jaunarekin bildu zela, baina gezur hutsak dira EPPK-ren izenean mintzatu direnen inputazio maltzurrak. Egia, ordea, sinple bezain erraza da, gure kontrako agiria erabaki eta izkiriatu dutenek nekerik gabe jakin zezaketena. Egia bakarra hauxe da: Kepa Pikabea preso politiko ez ezik, GALen biktima ere bada, 1985ean tiroz larriki zauriturik izan baitzen Baionako ´Pyrénées` tabernan. Emeki-emeki sendatu bazen ere, zauri larri haien ondorioak nabarmentzen hasi zaizkio azken urteotan. Orain arte, arrazoi ezberdinengatik, egin beharreko mediku froga zehatz sakonak egiten ez zitzaizkiola ikusita, erabaki zuen Biktimen Artatzeaz arduratzen den Bulegoari eskaria luzatzea GAL-en biktimen zerrendan sar zezaten eta, hartara, Donostiako Ospitalean osasun azterketa sakon bat egin ziezaioten arretarik haundienaz. Horixe izan zen, eta ez besterik, Urkijo jaunaren bisita bakarraren arrazoia eta horixe ere Kepa Pikabeak Urkijo jaunarekin izan zuen hizpide bakarra.
EPPK-ren izenean, agiria idatzi dutenek jaurti dituzten juzku eta iradokizun maltzurrak pentsatu eta argitara baino lehen, gizalegezkoago eta askozaz errazago zuketen Kepa Pikabeari berari edo bere senideei (hauen artean 3 preso politiko ohi) azalpenak eskatzea. Logroñoko kartzelako euskal preso politiko guztiei Kepak berehala eman zizkien azalpen guztiak, haiek ezer galdetu behar izan gabe. Ez da, beraz, inolako sekretismorik eta are gutxiago ezein amarrusik edo jukutriarik izan Urkijo jaunarekin eginiko kontaktuan. Bestalde, nahiz eta kontaktu hori egiteko guztiz justifikatua izan, jakin behar da EPPK-ren egituratik desbinkulatu ondoren burutu zela.
3.-Zoritxarrez, mina egina dago. Min egitea erraza da, are errazago sigla errespetagarri batzuen atzetik ezkutatuz. Izan ere, min handia egin digute horrelako akusazio eta deskalifikazio pertsonal larriek. Baina ez gara isilduko.
Honetaraz gero, galdera bat egin beharrean gaude. Zerk eraman ditu EPPk-ren izenean mintzatu direnak horrelako akusazio larriak egitera, interesatuoi (akusatuoi) ezer galdetu gabe eta ´informazioak` behar bezala kontrastatu gabe? EPPK-ren egitura eta diziplinatik desbinkulatzea geronek jada erabakia genuela eta horren berri tajuz emana ginela jakinda, zertara doa gure ´kanporaketaren` eszenifikazio autoritario hori? Askatasunik ez ote dugu gure bide propioa jorratzeko duintasunez eta koherentziaz? Koherentziaren duintasunaren monopolioa ote dute EPPK-ren izenean agiria atera dutenek? Euskal preso politiko izateko modu bakar eta monolitikoa ote dago?
Erraza da ´etsaiaren estrategiaren aurrean men` egin omen dugula eta ´jukutrian aritu` omen garela jaurtitzea. Deskalifikatzea erraza bezain exkaxa da. Argudio eta froga sendoak eskaintzea zailagoa da, ordea. Oso sintomatikoa da agirian gure gutun luzetik esaldi erdi bat baizik ez aipatu izana, gure bide propioa jorratuko dugula dioena, hain zuzen ere. Baina hitz bakar bat ere ez da esaten erabaki horren benetazko zergatiaz, gure gutunean argudiatuki azaltzen genuen arren. Duela hamaika urte egin genuen gogoeta mamitsuari (´Abertzaleon estrategiaz` izenekoari alegia) ez zaio inoiz erantzun politikorik eman. Oraingoari ere ez. Areago, ´zatiketaren` arriskuaren mamua jaurtitzen da beti eztabaida politiko sakon bat planteatzen den bakoitzean. Bai baitirudi presoak zein preso ez direnak monolitikoak izan behar dugula gure pentsaeran eta jokaeretan. Disentzio etiko eta politikorik ez da onartzen. Beste indar eta erakunde politiko-sozialei irmoki eta arrazoi osoz eskatzen zaizkien balioak eta jokabide demokratikoak (autokritikarako gaitasuna, adierazpen askatasuna, iritzi-korronte ezberdinak onartzea...) ez dira gero etxean praktikatzen. Puertoko kide batzuen ahots kritikoa ere berehala isilarazi zuten. EPPK-ren izenean mintzatu berri direnen kritika irakurrita, badirudi ezkertiar eta abertzale izateko modu eta bide bakarra dagoela. Edo gurekin zaude, edo gure aurka zaude. Ez omen dago, haien ustez, beste aukerarik. ´Etsaiaren estrategiaren aurrean men` egitea ote da, egun berriro nagusitu den estrategia politiko armatuarekin bat ez etortzea (zein ere den burutzen duena) eta hura nahi ez izatea, horretarako arrazoi etiko, politiko eta sozial sendoak azaldu arren, gure autokritika barne? ´Etsaiaren estrategiari joko egitea` ote da gure Herriaren gehiengo guztiz zabalaren nahia errespetatu nahi izatea eta geure egitea?
Euskal Herriaren zerbitzura borrokatzen hasi ginen gaztetatik eta haren alde jarraituko dugu, bere borondatea errespetatuz eta gure ekarpen xumea eskainiz.
4.-Azkenik, baina ez atzenik, argi utzi nahi dugu, gutunean genion bezala, gure errespetu osoa merezi dutela euskal preso politiko guztiek, horietako askorekin adiskidetasun harremana dugula. Jakin badakigu, EPPK-ren izenean argitaraturiko agiriak erreakzio nahasiak eta kontrajarriak eragingo dituela. Iritzi eta egituren gainetik, gure errespetu osoa adierazi nahi diegu guztiei, inoiz kide izan edo ez. Eta adiskide ditugunei gure besarkadarik beroena helarazten diegu.
Logroñoko kartzelan,
2008ko otsailean.
Kepa Pikabea Ugalde eta
Jose Luis Alvarez Santa Cristina
Euskal preso politikoak.
2007ko azaroko gutuna
Kaixo, lagunok:
Datozen lerro hauen bidez luzaroan hausnarturiko erabaki sendo baten berri eman nahi dizuegu. Espetxeratu gintuztenetik Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren partaide izan gaituzue eta, hartara, beti onartu ditugu Kolektiboaren disziplina eta erabaki nagusiak, gustukuak izan edo ez. Egun, berriz, Kolektiboaren egitura eta disziplinatik desbinkulatzea deliberatu dugu, beti ere gure euskal preso politikoaren izateari eutsiz. Hemendik aurrera, beraz, Kolektiboaren egituratik kanpo kokatzen dugu geure burua eta, hartara, ez ditugu haren funtzionamendu-arauak eta ekimenak jarraituko. Gure bide propioa jorratuko dugu.
Luze joko luke erabaki honen zergatiak xehekiro azaltzeak; guztiarekin ere, uste dugu honela laburbil genezakeela gure erabakiaren arrazoi gorena eta erabakigarriena: ez gaude batere ados berriro ere nagusitu den estrategia politiko armatuarekin, aspaldidanik sinesten ez dugulako, ezein estrategia armatuk Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoari zentzuzko irtenbiderik eskain diezaiokeenik. Irizpide politiko, sozial eta etiko sendoek eraman gintuzten duela urte asko ondorio horretara, duela hamar urte `Abertzaleon estrategiaz` izeneko idazlan luze mamitsuan azaldu genuen bezala. Ordutik hona ur te luzeak bezain gorabeheratsuak igaro dira eta orduko gure konbikzioak sendoagotu dira egunik egun. Ordutik hona bi bake-prozesu suertatu dira eta biek huts egin dute, Aljergoak ere huts egin zuen bezala. Batzuen eta besteon erantzukizun eta erruen gainetik eta aldian aldiko koiunturatik haratago, euskal politikagintza abertzalean duela urte asko auzitan dagoena borroka armatuaren egokitasuna eta bidezkotasuna da, gure Herriaren borondateari erreparatuz gero eta estrategia armatuak erakarri dituen alde guztietatikako zauri eta tragedia ikaragarri bezain ugariak ikusita.Gure idazki hartan nabarmentzen genituen hiru konstatazio nagusiak are nabariago ageri zaizkigu egun:
1) Espainiako Estatuko botere nagusiak gatazka armatuari errentagarritasun politiko eta sozial nabaria ateratzen ari zaizkio aspaldidanik, gure herriaren orainaren eta geroaren kaltetan. Izan ere, Euskal Herriaren etsaiek borroka armatua `de facto` asumitzeaz gainera, beren aldeko `komodin` aparta bilakarazi egin dute gure Herriaren autodeterminazioaren eta bere nortasunaren kontra jarduteko, baita legedi eta jazarpen errepresibo itzelak egiteko ere.
Ezker Abertzalearen azterketa ofizialek Estatuaren krisia eta aldian aldiko Gobernuaren ustezko ahulezia hamaika aldiz iragarri eta baieztatu arren, Estatua tinkotzenago eta egonkortzenago ari da urterik urte. Hain zuzen ere, gatazkaren parametro bortitzez baliatzen ari dira Estatuko funtsezko instituzioak politikoki eta sozialki sendotzeko eta euskal abertzaletasunaren kontrako kontsentsu geroz eta zabalagoak lortzeko. Hots, borroka armatuaren kariaz eta aitzakiaz Euskal Herriaren onerako datekeen ekimen (politiko, sozioekonomiko, linguistiko...) oro zapuzten eta oztopatzen ari dira behin eta berriro, jazarpen politiko errepresiboak inoiz baino gogoarragoak eta zabalagoak direla aldi berean.
2) Bestalde, estrategia politiko armatuak urte luzetan erakarri dituen eta oraino ere erkartzen dituen kostu etiko-humano eta politiko-sozialen balantzea altuegia da eta larriegia. Garaia heldu da -aspaldidanik heldua zen, aitor dugu- giza eskubide guztiak guztiz errespetatuko dituen estrategia politiko baten alde egiteko, gerora gabe eta salbuespen barik.
Bada, tamalez, uste eta esaten duenik, hitza gora hitza behera, borrokaren kostu altuegiak ez dituela baldintzatu behar helburu estrategikoak. Alegia, edozein borrokak kostu altuak dituela eta, altuenak izanik ere, horiek ordaintzeko eta ordainarazteko prest egon behar dela helburu haien mesederako. Ez gaude batere ados horrekin, ezen arrazoibide horrek bi gauza ahazten edota gutxiesten baititu bederen. Batetik, ez dira ohartzen jarrera horrekin helburuak berak desitxuratzen direla eta, luzaro begira, endekabidean jartzen direla, helburu estrategikoak oinarritzen direneko balio etiko-politikoak ahultzen eta pobretzen diren aldetik, bai gizartearen pertzeptzioan eta sentieran, baita objektiboki ere. Bestetik, kostuen gehiegizko neurriak (oinazez eta trajediaz beteriko neurri hits itzelak, alegia) ustekabeko eta nahigabeko efektuak erakartzen ohi dituela -jada ekarri ditu, ekarri dituenez- helburu estrategikoetarik hurbildu beharrean urruntzen gaituztenak, hain zuzen ere.
Azken urte luzeotako balantze orokorra ikusita ezin esan daiteke borroka armatua onuragarri gertatu dela Euskal Herriaren askatze bidean; aitzitik ere, oztopo bilakatu baita abertzaleen arteko batasuna lortzeko eta, hartara, autogobernu maila handiagoak eskuratzeko eta Autodeterminazioaren aldeko borroka politiko bateratu eta zinez eraginkorra aurrera eramateko.
3) Honen guztiaren ildotik ulertu behar da euskal gizartean (eta, zer esanik ez, auzo eta inguruko gizarteetan) egunik egun mamitu eta gorpuztu den gaitzespen erabatekoa borroka armatuari dagokionez. Izan ere, Euskal Herriko biztanle gero eta ugariagoak eta kualifikatuagoak (hauen artean Ezker Abertzalearen erreferente politiko eta kultural handiak diren, edota, izan diren asko eta asko) ozenki aldarrikatzen ari dira, oso aspalditik gainera, gatazka gizatiartu eta humanizatu egin behar dela ,eta, hartara, parametro politiko hutsetan kokarazi behar dela eta armen indarra alde batera utzi behar dela behin betiko. Euskal Abertzalegoaren gehiengo guztiz nabarmena ere horixe eskatzen ari da behin eta berriro, eta garbiro asko. Estrategia zinez abertzale eta herritarra ezin eraiki daiteke gure populuaren borondateari entzungor eginez eta hari bizkar emanez. Herriari hitza eman behar zaiola aldarrikatzen bada, ematen duenean -eta honetan emana du jada behin eta berriro- errespetatu egin behar da. Bere hitza garbia da oso auzi honetan: ez du borroka armatu gehiagorik nahi, nazio eta gizarte zapalkuntza gehiagorik nahi ez duen bezala.
Egia esan, Lizarra-Garazi prozesuak, eta joan den urtean abian jarri zenak, ilusio handia piztu zuten euskal herritar gehienengan; gure baitan ere, nola ez! Prozesu bion hausturak zauri handiak eragin ditu, ordea. Aljergo esperientzia hitsa ere, esan gabe doa, gogoan dugu beti, dagokigun autokritika berriro ere berresten dugula orain.
Urte asko dira (hamabost urte luze), beraz, estrategia politiko berri bat aldarrikatzen ari garela, borroka molde eraikitzailetan oinarritua, giza eskubide guztien errespetu irmoan finkatua, armen indarraz baliatuko ez dena eta gure Herriaren borondateari guztiz adi eta leial izango dena. Zoritxarrez, erantzukizunak eta esplikazioak gorabehera, azken su-etenaren hausturak, estrategia politiko berri hori zapuztu egin du beste behin ere, preso gehienon egoera eta iritzia aintzat hartu ez direlarik hain erabaki larri hori hartzerakoan.
Gauzak honela, guk ere geure erabaki propioa hartzea deliberatu dugu. Gurebide propioa jorratuko dugu Euskal Preso Politiko gisa, gure Herriaren borondateari leial izanik eta gure errespetu osoa adieraziz beste Euskal Preso Politiko guztiei, hauetako askorekin lotzen gaituen adiskidetasunari leial izango garela beti.
Besarkada bero bat deneri.
Logroñon, 2007ko azaroan
Jose Luis Alvarez SantaCristina
Kepa Pikabea Ugalde