Mende erdi atzera egin zuen Kaxkoak

Kronika - Erredakzioa 2008ko ots. 25a, 01:00

Berrogeita hamar urte pasa dira azken bidaia egin zuenetik, baina ezagutu zutenek ez dute ahaztu tranbia zaharra. Izan ere, garai bateko garraiobide oso garrantzitsua izan zen Hernani eta Donostia arteko tranbia, eta istorio eta bizipen ugari izan dituzte hernaniarrek bertan. Atzo jendetza elkartu zen tranbia zaharra gogoratzera, asko eta asko garai hartako janzkerarekin. Tranbiaren bidaia Goizeko 11:00etan, tranbiaz mozorroturik txu-txu trenak garai bateko ibilbidea egin zuen, Urbieta kaletik Benta Berriraino. Ondorenean, herriko bi alkateek, Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkateak eta Julia Ayerra Kaxkoko alkateak, moztu zuten zinta eta omenaldia egin zitzaien orduko tranbia hartako bost laguni eta bi alkateen eskutik oroigarri bana jaso zuten. Bertan izan ziren hiru: Portu bizi den Manuel Borja 83 urtekoa, Astigarragako Luis Zumeaga 88 urtekoa eta Ereñotzuko Patxi Urkizu 89 urtekoa. Etortzerik izan ez zutenak Antonio Zapiain eta Joxe Astarbe izan ziren, eta Mari Angeles eta Koro alabek jaso zituzten oroigarriak. Festa girotzen, besteak beste, txalapartariak, txistulariak, bertsolariak, dantzariak eta Kantuz eta Ozenki abesbatzak aritu ziren, aurkezle lanetan Juanjo Uria zela. Eskerrak eman zizkien festa hau guztia antolatzen hainbeste lan egin dutenei.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!