Independentziaren aldeko festa eta ekitaldia izan ziren atzo Atsegindegin

Kronika - Erredakzioa 2008ko ots. 24a, 01:00

Arratsaldean, umeentzako jolasak, herri kirolak eta ekitaldia izan ziren. Marian Beitialarrangoitiak «abstentzio aktiboa» eskatu zuen datozen hauteskundeetarako.

Independentzi Eguna izan zen atzo Hernanin eta arratsaldean festa eta ekitaldi ugarik girotu zuten Atsegindegi. Umeentzako jolasak eta herri kirolak izan ziren eta ondorenean Independentziaren aldeko ekitaldia. Bertsolari eta musikarien ondoren, Marian Beitialarrangoitia Hernaniko Alkateak hartu zuen hitza eta datozen hauteskundeetarako «abstentzio aktiboa» eskatu zuen. Partidu interesetatik haratago «herri gisa jokatzeko unea» dela azpimarratu zuen, «independentziara eramango gaituen marko demokratiko baten alde egiteko unea».

Markoa agortuta
Oraingo markoa agortua dagoela nabarmendu zuen Beitialarrangotiak, eta hori ez duela inork zalantzan jartzen. Egoera honetan herri honek bi aukera dituela azpimarratu zuen: «Espainiako kaiolan» edukiko gaituen iruzur berri baten alde egitea edo «independentziari ateak irekiko dizkion» marko demokratiko baten alde egitea. Herri honi iruzur egiteko PSOE, PNV eta NABai-k «bidea libre» behar dutela esan zuen Hernaniko alkateak, eta «independentziari ateak irekitzeko» abstentzioa eskatu zuen. Jarraian zenbait ekitaldi gehiago izan ziren, tartean Pirritx eta Porrotx pailazoen emanaldia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!