«Astoa ere ezagutu dugu tranbiaren bagoiari lotuta»

Kronika - Erredakzioa 2008ko ots. 24a, 01:00

Oraindik emozionatu egiten dira hernaniarrak orduko tranbia gogoratzen dutenean; batzuk bihurrikeriatan ibiltzen zirelako bere bueltan, beste batzuk Donostira, berdura saltzera joateko hartzen zutelako, beldurra ematen zionik ere bada, eta beste batzuk ´Carmen Miranda bezalaxe mugitzen zelako`. Antton Garin, Julian Ezeiza Aterpe, Eulali Aranburu, Agustin Peña, Joxean Ruiz eta Mikel Ruiz hernaniarrak elkartu dira, Pili Lujanbiok deituta, garai bateko oroitzapenak elkar trukatzera. Guztiek dituzte makina bat pasadizo tranbiarekin lotuta. Badirudi goizean eta arratsaldean tranbia erabiltzen zuen jendea ezberdina zela, izan ere, goizean batik bat baserritar jendea ibiltzen zen tranbian, ´etxeko andreak jeneralean, buruan sistera, eskuan sistera, zestuan porru, azenario eta bestelako barazkiak`. Denak Donostira eramateko sos batzuen truke. Arratsaldean, berriz, ´bestelako jendea ibiltzen zen, paseorako gehiago, egun batzuetan ferira zetozenak, beste batzuetan sagardotegira, asko Astigarragara, eta askotan, Hernanira txokolatea jatera zetozenak`. Izan ere, garai hartan oso famatua zen Adarraga txokolategiko txokolate gozoa. Txokolategia Plaza Berrin omen zen, ´ixkin batean denda eta bestean salón de te zuena`, eta tranbia justu pare-parean tokatzen, sekulako ohitura omen zegoen ´chocolate con bolado` jatekoa. Propio etortzen zen jendea inguruko herrietatik Adarragako txokolate gozo hura jatera.

Gazi-gozoak
Jendea, ordea, ez zen bakarrik txokolatearen usainera mugitzen. Bazegoen orduan premia haundiagorik. Horretan denak bat datoz. Marmitak antza, askotan esnea ez zen generoa izkutuan garraiatzeko tresna ziren: haragia, esate baterako, estimatua eta eskasa, garai haietan, batez ere, gerra ondorenean. Txoferrak berak ere ofiziokoak omen ziren, batzuk behinik behin. Tranbiak bi motor izaki, bata aurrean bestea atzean. Aurrekoak ez, baina atzekoak txoko bat omen zuen eta hantxe garraiatzen omen zuten batez ere, ´orduan hain estimatua zen ogi txuria, kontrabandokoa. Gidariek ondo aski zekiten zein geltokitan hartu eta utzi behar zuten generoa`.

Tximista baino motelago
Ordurako baziren herrian beste garraio mota batzuk tranbiaz gain. Bateko Renfeko trena, baina hau ´ez zegoen hain eskura`. Tarteka baziren autobusak ere, baina gutxi, ´bizpahiru besterik ez egunean`. Autobusa berez, ´erosoagoa, azkarragoa eta merkeagoa zen, baina egunean pare bat izanda, nora joan?` Tranbia, berriz, ´kaleraino iristen zen eta nahiz eta denbora asko behar inora ailegatzeko, jendeak jakin, bazekien ordu-erdiro izango zela`.

Tranbian babarruna aletzen
Eulalik gogoratzen duenez, baserritarrek ederki asko aprobetxatzen zuten tranbiaren patxada, orduan ere lana egiteko, izan ere, ´orduko etxeko andre baserritar hura kalkuladora bat zen: bidaian egiten zituen eguneko kontuak, zeinek zer utzi zion zor, hurrengo eguneko zer prestatu behar zuen hartzaile batentzako eta bestearentzako, tapa beltzeko koaderno batzuetan apuntatzen zuten dena, eta bitartean artilezko galtzerdiak egiten zituzten, edo babarruna, ilarra, baita baba ere, aletu. Bi kilo babarrun zurituta iristen ziren Donostira`.

Komunioko zapatak
Orduan arrunta omen zen, batzuentzat behinik behin, tranbian ibiltzea. Batzuk eskolara joateko, aita eta amarekin Donostira paseatzera joateko, ´eskaparateak begiratuz, jostailuen inbiritan egoten ginen`, katekesiko eskurtsiotara joateko... hartzen omen zuten tranbia. Beste batzuentzat ez omen zen hain arrunta eta aparteko zelebrazioren baterako arropa edo oinetakoak behar izanez gero, ´komuniorako zapatak edo jertse berriren bat` esaterako, hantxe joaten omen ziren Donostira, tranbia hartuta. Garinek gogoratzen duenez, ´bokailua zapata kajan sartuta` joaten zen eskurtsiotara.

Eraman eta ekarri
Gauza zelebre askiak eramateko eta ekartzeko ere erabiltzen omen zen tranbia. Garinek gogoratzen du, garai batean, Hernaniko futbol ekipoan aritzen zenean, tarteka hondartzan jokatu behar izaten zutela eta ´ekipo bakoitzak bere porteria egin eta eraman behar izaten zuen, eta hantxe joaten ginen hernaniarrak porteria desmontatu eta tranbian sartuta`. Ekarri, ordea, zer ekartzen zuen tranbiak? Paseanteez gain, beraneante asko ekartzen omen zituen tranbiak, garai batean Hernanin zeuden etxe dotoreetara; hauek ere asko erabiltzen omen zuten garraio hura, joan-etorriak egiteko, ´hauek ere ez baitzuten autorik`. Garai batean Donostiatik bueltan zetozen saltzaile batzuk ´jela ekartzen zuten arpilerazko zakuetan, eta etxe dotoreen parera ailegatzean, ´jela` oju egin eta hantxe ateratzen ziren neskameak, tranbiatik bultzaka botatako jela jasotzera`. Kontuak gero egiten omen zituzten. Ekarri, berriz, sos batzuez gain, ´txerrijana ekartzen zen asko. Haragia? Haragi gutxi, ez baitzegoen dirurik, ohialen bat tarteka eta postre goxoren bat akaso...`

Baietz hanka tranbiari jarri?
Pasadizoak kontatzen hasita ezin gelditu. Ilusio handiz gogoratzen dituzte askok umetako pasadizoak, ´pistoiak, txanponak eta kutxareak jartzen genituen burnibidean`, ´tranbian jende gutxi zegoenean korrika ibiltzen ginen tranbia barrenean, barrari bueltak ematen`. Agustin Peñak gogoratzen du estudiatzera zihoala, 11-12 urterekin, ´asko ibiltzen nintzen tranbian, eta behin baino gehiagotan txofer joaten uzten zidaten, piska batean behintzat`. Disgustoak ere izan omen ziren bat baino gehiago. Pozak ere bai, ordea. Eta baten batek etekina ere atera omen zion tranbiak jartzen zuen errespetoari. Hala, baten batek apostu egin omen zuen baietz hanka tranbiari jarri hura pasatzeko momentuan; besteak ezetz, harek baietz, baita jarri ere, eta baita tranbia gainetik pasa ere. Hanka egurrezkoa izaki! Kuestioa da apustua irabazi zuela!.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!