Bihar jai handia izango da Hernanin garai bateko tranbiaren inguruan. 1903tik 1958 urtera arte asko erabili zuten garraiobide hau hernaniarrek eta ingurukoek. Pena ederra hartu zuten hernaniarrek gelditu zenean, txaranga eta guzti esan zioten agur, batzuk negar malkoetan. Berrogeita hamar urte dira aurten tranbia gelditu zela, eta herritar nostalgikoek, Pili Lujanbiok egindako proposamenari jarraitu eta omenalditxoa egitea pentsatu zuten; baita asmatu ere, izan ere, tranbia ezagutu zutenen memoriak harrotu ditu gai honek.
Omenaldi honen harira, ez dute lan makala hartu Kaxko auzo elkartekoek. Herriko zenbait guneri, Plaza Berri eta Tilosetari, esaterako, garai bateko itxura ematen saiatuko dira. Tranbian Tilosetara Tranbia ibiliko da bihar egun osan herrian barrena. Goizean garai batean egiten zuen ibilbidea egingo du Benta Berritik barrena eta nahi duenak aukera izango du bueltaxka bat emateko. Arratsalde partean herrian barrena ibiliko da eta Tilosetan parada egingo du dantzaldira joan nahi duenarentzat. Azurmendi taberna irekia Urteak dira Azurmendi taberna itxi zutela. Tranbiaren jaia dela eta, berriz irekiko dute, garai bateko zerbitzariek gainera. Beraz, bihar Adeli eta Maitereri bisita egin nahi dienak badaki nora jo. Garai hartan koadrilako afari asko egiten ziren bertan, eta orduko botila haundi famatua ere han izango da. Dakienak badaki.
EGITARAUA:
11:00 TRANBIAREN IRTEERA.
Plaza Berritik abiatuko da eta garai bateko ibilbidea egingo du Floridaraino, Benta Berritik barrena.
11:00 AZURMENDI TABERNA.
irekiko dute garai bateko zerbitzariek.
12:00 OMENALDIA. Txalaparta eta txistu doinuz lagunduta omenaldia egingo diete garai bateko tranbia gidariei. Horrez gain, bertsolariak izango dira eta
olerkiren bat ere irakurriko dute. Kantuz eta Ozenki abesbatzako kideek kantu batzuk abestuko dituzte. Juanjo Uria izango da aurkezlea. Omenduak: Manuel Borja hernaniarra, Patxi Urbizu ereñotzuarra, Astigarragako Luis Zumeaga eta Antonio
Zapirain, Donostiako Juanito Egiza eta 103 urteko Jose Astarbe.
14:30 BAZKARI HERRIKOIA. Txantxangorri eta Santa Barbara
elkarteetan. Txartel guztiak saldu dira (200 inguru), eta bazkaldu nahi duenak beste tabernetan izango du aukera.
17:30 TXOKOLATE JATEA Plaza Berrin.
19:00-21:30: DANTZALDIA
TILOSETAN. Manolo Sagarnak berriro ere Musika Banda zuzenduko du egun honetan. Txistulari Banda ere bertan izango da, Joaquin eta Patxi Apezetxea gonbidatuekin jotzen. Txaperoa ere izango da, garai batean bezala.
HEMEROTEKA:
(...) á las puertas del hospital de Hernani se presentó una mujer ciega, pobre, puesto que imploraba la caridad pública, y con acentuados dolores precursores de la maternidad y que no la admitieron. En vista de ello, la pobre mujer con sus acompañante se metió en un tranvía para trasladarse al hospital de Manteo, y en el camino vino al mundo un nuevo ser que tuvo la suerte de que le cortasen el cordón con una navaja y se lo atasen con una hilacha de la faja de su padre.(...)
La Voz de Guipúzcoan, Cosas que pasan atala, 1915eko apirilaren 13a.
(...) Más bien parece un villorrio que un pueblo situado a las puertas de San Sebastián.(...) Por frente a las sidrerías no se puede pasar, y con señoras ó señoritas menos, pues es tal la despreocupación de muchos individuos, que sin miramiento alguno se ponen a hacer aguas menores en medio de la calle, teniendo a unos pasos el urinario, y cuando no lo hacen junto al tranvía, en sus ruedas.(...)
La Voz de Guipúzcoan, Crónica de Hernani atala, 1915 urte inguruan.
‘Tranbiaren oroimenez bertsuak’
(Aterpe eta Garinek jarriak)
Julian Ezeiza Aterpe
Garai hartako tranbero haiek
Ba zutela talentua
Ogi bidea hori zuten da
Egin behar onartua
Negu ta uda bero eta otz
Ba zutela meritua
Gosaritako ogi artean
Sardin zahar bat prejitua
Gaur zorionez oitura hura
Dena bai dago galdua.
Antton Garin
Herria triste eta malkuak
denok ginula begian,
Hernanitikan ‘tranbia’ onek
azken bidaia egitian.
Donosti aldera joaten ginan
pozik ta txispa batian.
Tximist gurdia deitzen zioten
aballa artzen zuenian.
Julian Ezeiza Aterpe
Motor aldeko bi alderdiak
Kristal ta ate gaberik
Ez zen faltako giro otzetan
Euri ta aize faltarik
Negu gorrian gidari haiek
Ez zeukaten nun gorderik
Zortzi orduan hanka gainean
Exeri leku gaberik
Zerua irabaziko zuten
Baldin badago zerurik.
Antton Garin
Berrogeita hamar urte badira
kendu zutela hemendikan.
Gaur ikusten det hernaniarrak
ez gera aztu oraindikan.
Orduan guk’e ez ginun behar
aballa haundiko trenikan.
Hiru ordu laurden behar genitun
Donostira Hernanitikan.