Maria Magdalena zaharren egoitza haunditzeko obrak hasiak dira dagoeneko, aurreko proiektuari egin beharreko egokitzapenak eginda. Udal arduradunek jakitera eman dutenez, bi urte inguru iraun lezakete haunditu eta egokitze lan hauek, baina lanak bertan bizi diren adinduak eraikinez mugitu beharrik gabe egingo dira. Horretarako, eraikin berria egingo dute lehendabizi, oraingo eraikinaren eranskina izango dena, eta behin adinduak bertara pasata, egokituko dute egoitza zaharra.
Orain adina leku
Maria Magdalena haunditu eta egokitzeko lanak ez dira erresidentziako plaza edo lekuak gehiagotzeko. Orain artean bezalaxe, 111 lagunentzako lekua izango du etorkizunean ere, baina legeak eskatzen dituen beharretara egokitu behar da erresidentzia. Adibide moduan, legeak eskatzen du logelen %25 indibidualak izatea, eta hiru lagunentzako logelarik ez izatea. Gaur egun hiru lagunentzakoak dira Maria Magdalena egoitzako logela asko.
Bost pisuko eraikin berria
Oraingo egoitzaren jarraian egiten ari diren eraikin berriak bost pisu izango ditu. Goiko bi pisuak izango dira Zaharren Egoitzakoak. Erdiko pisuan apartamentu tutelatuak egingo dituzte, eta beheko bietan, bost etxebizitza sozial eta Eguneko Zentroa joango dira. Eguneko Zentro berriak 50 lagunentzako lekua izango du, oraingoak baino 20 leku gehiago. Foru Aldundiak lagunduta Obra guztiaren aurrekontua 6.700.000 eurokoa da, 2007ko abenduaren 20ko Plenoak hartutako erabakiak halaxe zehazten du; %75 Foru Aldundiak finantziatuko du eta gainerako %25 Udalak. Aurrekontua igo egin da, hasierako proiektua egokitzen eta obrak hasten izan den atzerapenagatik asko. Atzerapen honengatik Foru Aldundiko laguntza galtzeko arriskua ere izan dela nabarmendu du Gobernu taldeak, hasierako epeak errespetatu ez direlako.
Zenbait datu
-Aurrekontua: 6.700.000 euro.
-Finantziazioa: %75 Foru Aldundiak eta %25 Udalak
Lekuak: Zaharren Egoitzak 111 plaza izango ditu, orain arte bezala. Azpiegitura legedi berrira egokitzeko obrak dira.
Eraikin berria: Eraikin berria, oraingo erresidentziaren eranskina izango da, eta bost pisu izango ditu.
-Erresidentzia, goiko bi pisuetan: Eraikin berriko goiko bi pisuak eta oraingo eraikina egokituta izango dira erresidentzia berria.
-Apartamenduak eta Eguneko Zentroa: Erdiko pisuetan apartamendu tutelatuak izango dira eta beheko pisuetan bost etxebizitza sozial eta Eguneko Zentroa.
-Eguneko Zentroa: 50 plaza izango ditu, orain baino 20 gehiago.