HERRITAR ugari, batez ere tranbia zeneko garai hura ezagutu zutenak, amorratzen daude igandean izango den tranbiaren inguruko jaialdia iristeko. Egunean bertan antolatu duten bazkari herrikoirako txartel guztiak, 200, dagoeneko saldu direla esan besterik ez dago. Jaialdia antolatzen ari den Kaxko auzo elkarteak jakinarazi du, jende ugari ari dela txartelengatik galdezka, eta penatan daude parte hartu nahi lukeen jende asko aukerarik gabe geratu delako. Hori dela eta, pentsatzen ari dira, bazkaltzeko leku gehiago jartzea.
Trena herenegun ailegatu zen
Calahorratik Igandean tranbia izango da Hernanin barrena bueltaka, garai batean bezala. Goiz partean Floridako Benta Berriraino egingo du buelta, eta arratsaldean herrian barrena Tilosetan parada eginez, bertan izango den bailera joan nahi duenarentzat. Kaxko auzo elkarteak azaldutakoaren arabera, trena herenegun iritsi zen Calahorratik. Berez txu-txu tren bat da eta orain izugarrizko lana izango omen da txu-txua tranbia bihurtzen. Horretan lanean ari da buru- belarri Andres Maiz.
Goiz eta arratsaldeko egitarau zabala
Tranbiaren inguruko jai egitarau zabala antolatu dute. Igandean, goizeko 11:00etan Plaza Berritik aterako da tranbia eta Benta Berriraino joango da. Ondoren Plaza Berriraino joango da berriz eta bertan, garai bateko tranbia-gidariak omenduko dituzte: Manuel Borja hernaniarra, Patxi Urbizu ereñotzuarra, Astigarragako Luis Zumeaga eta Antonio Zapirain, Donostiako Juanito Egiza eta 103 urteko Jose Astarbe. Eguerdiko 14:30etan bazkari herrikoia izango da Txantxangorri eta Santa Barbara elkarteetan. Arratsalde partean tranbia Kaxkoan barrena ibiliko da eta Tilosetan egingo du geldialdia, 19:00etatik 21:30- etara izango den bailera joan ahal izateko. Bailean Musika Bandak joko du garai batean bezala. Merienda ere ez da faltako, arratsaldeko 17:30ak aldera garai batean bezala, txokolatea eta boladoak jatekoa aukera izango baita.