Sagar Lasterra lasterketaren bigarren edizioa izango da datorren larunbatean Hernanin, hasi Ibarluze poligonoan eta kiroldegi aurrera arte. 8 kilometroko proba da eta kilometrorik gehienak landa lurretan barrena dira eta sagardotegi ugari dauden bailara zeharkatzen du probak. Txotx denboraldiaren barruan antolatutako froga da, eta adin desberdinetako korrikalariei zuzendua izango da aurten.
Izen ematea
Izen emateak 6 euro balio ditu aldez aurretik (Hernanin, Axeri, Izaskun eta Mitxel kirol dendetan eta interneten www.herrikrosa.com helbidean) eta 8 euro egunean bertan, Kiroldegian. Proba goizeko 11:00etan hasiko da Ibarluzen, Arraun elkartearen lokal ondoan, eta debaldeko autobusak jarriko dituzte Hernanitik irteera puntura joateko: 10:10 eta 10:30etan Kiroldegi ondotik irtengo dira autobusak.
16 urtetik gorakoentzat
Lasterketan 16 urtetik gorakoek hartu lezakete parte eta bi kategoria izango dira, gizon eta emakumeetan: seniorrak, 16-35 urte artean gizonezkoetan; eta 16-40 urte artean emakumezkoetan; eta beteranoak hortik gora. Kategoria bakoitzeko 3 lehenengoek izango dituzte sariak eta parte hartzaile guztiei emango zaie kamiseta bana. Horrez gain, parte hartzaileen artean zozketatuko da bi lagunentzako afari edo bazkari bat, Hernaniko sagardotegi batean.
Antolatzaile eta babesleak dira: Udala, CD Hernani, Kirol Patronatua, Arraun elkartea, Berriak, Insalus, Motos Santi, AMR, Hernaniko Sagardogileak eta Tolarea kofradia.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!