Euskal Herria eta Euskal harria

Kronika - Erredakzioa 2008ko ots. 20a, 01:00

Duela aste batzuk, zinegotzi baten euskara dela eta, atal honetan zenbait eskutitz irakurri ahal izan ditugu. Idazki horietan Andoni Amonarraiz hernaniarra ote den zalantzan jartzen dute, politikari zikina deitzen diote, eta lehen txartel horia atera bazioten, oraingoan gorria aterako diotela. Eta horrelako zenbait perla eskaintzen dizkiote beren idazkietan. Harrigarria bada ere, egun badago oraindik euskara, euskaldunen hizkuntza, erasotzeko harritzat erabiltzen duenik. Batzutan ez dakigu Euskal Herria ala Euskal harria defenditzen duten. Harria besteen burura jaurtitzeko jakina. Baina, zer dakite erasotzaileek Andoniren euskara ikasteko ahaleginetaz, eta zenbat ordu eman zituen euskara ikasten lehengo agintaldian?, eta txikitan euskara ikasi ez zutenek orain dituzten zailtasunetaz? Zer dakite erasotzaileek Andoniren semeak dena euskaraz ikasten ari diren ikasketei buruz? Zer dakite ardura publiko batean euskara ez jakiteak sortarazten duen kontraesan eta kezkaz? Ez dakite eta bost axola, epaiak eta kondenak erabakitzeko hiritarren epaileak bilakatu direlako. Baina, nortzuk dira hizkuntzaren salatari berri hauek? Nork eman die hizkuntza-inkisidore kargua, lengoaia-komisarioaren domina edo erdaldunen zigorgile makila? Nork izendatu ditu euskararen Anai Nagusi, mintzaira-korrejidore edo hizkuntzen mahaiburua? Zer kirol federazioko arbitroak ote dira txartel horiak eta gorriak ateratzeko? Nork eman die Euskaltzaindiko Lehendakaritza izendapena, edo euskal Krial Sainduaren titulua? Non lortu dute euskal pasaporteen banatzaile esklusiba edo euskal nortasun agiriaren frankizia?. Non lortu zuten Sorgin-Arrantza eta Ehizarako lizentzia? Irain pertsonalen bidez euskara defentsagile bihurtu diren hauek ez dute oraindik ikasi Hernani denon artean eraikitzen ari garela, aurreko legealditan zinegotzi askok egin duten bezala, ideia abertzale erradikalak defenditzen dituztenak barne, nahiz eta batzuetan euskara ez jakin. Jose Ramon Lasarte-EAJ Hernaniko Uri Buru Batzarra
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!