Aspaldi hasi ziren Hiri Debekatuaren Mapa-Jendetze lanak egiten Hernanin. Honen bidez, herriko errealitatea eta espazio publikoa aztertu dute. Kale, plaza eta parkeetako erabileraren inguruko datuak eta bertan herritarrek dituzten bizipenak jaso dituzte. Bereziki emakumeen ikuspuntua izan dute kontuan baina baita ere beste hainbat herritarrena: edadetuak, zaintzaileak, haurrak eta abar. Helburua da herritarrak kaleetan zein plazetan seguru ibiltzeko sentsazioa areagotzea, jendeak leku guztietara mugitzeko eskubidea aldarrikatuz.
Hamar puntu ahul herrian
Dagoeneko herriko hamar puntu ahul lokalizatu dituzte 300 bat herritarrek parte hartu duten tailerretan. Orain mapa egina dago eta puntu horiei irtenbidea ematea da hurrengo pausua. Hain zuzen ere, puntu ahulen mapa eta bakoitzean proposatzen diren irtenbideez osatutako mapa jaso dute herritarrek beren etxeetan. Mapa horretan zehazten da, era berean, konponbide horiek epe motzean edo luzean egitea aurreikusten den.
Epe motzean konpontzekoak
Honakoak dira epe motzean aldatzea espero diren puntu ahulak: Latsunbe-Santa Barbarako tunela, Portuko tren azpiko tunela, Pana parkea eta apeaderoko eskailerak, Atzieta kalea, Osiñagatik Porturako eta Karabelerako bidea eta Ereñotzu auzoa.
Herriko lau puntu ahulek, berriz, Renferen azpiegiturarekin zerikusia dutenez, Udalak puntu hauek konpontzeko asmo sendoa azaldu arren, denbora gehiago beharko du.
Zilegi eskolak
Hiri Debekatuaren Mapa Zilegi eskoletan aztertuko dute AEKn, hiru ordutegi desberdinetan, gaur bertan hasita.
Otsailak 20, 28: Goizeko 09:00etatik 11:00etara.
Otsailak 21, 28: Eguerdiko 14:30etatik 16:30etara.
Otsailak 21, 29: Arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!