Azken aldiko gertaeren aurrean kezka azaldu du EAE-ANVko Gobernu Taldeak, Kronikara astelehenean bidalitako nota baten bidez. «Alderdien legez kanpo uztea, hauteskundeetara aurkezteko aukera ukatzea, atxiloketak, asteburuko kale erasoak... guztiak bizi dugun arazo politikoaren adierazleak dira eta hauek gainditzeko lan egitea premiazkoa dela agerian uzten dute egunez egun».
Gatazka konpontzeko
konpromisoa
Gatazka konpontzeko bidearen inguruan zera dio Gobernu Taldeak: «Indarkeria adierazle desberdinak gainditzeko bidean, indarrak batu eta «herritarrak eskatzen ari zaizkigun soluziobideen alde laguntzea dagokigu ardura politikoa dugunoi, eta guk horren alde egiteko konpromisoari eusten diogu». Horrez gain, diote, kezka sortzen diela «norabide horretan lan egin ordez, bizi dugun auzia konponbidean jartzeko aukerak alboratzen ari direnen jarrerak». Euskal Herriari bere etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidea ukatu nahi zaiola azpimarratu du «errepresioaren bidetik, proposamen politiko ezberdinen aurrean aukeratzea galeraziz».
Ikuspegi mugatua
Zenbait alderdik plazaraturiko «ikuspegi mugatuko irakurketekin» bat ez datorrela azaldu du EAE-ANVk «ez baita gaitzespen antzuetarako garaia, herri honen etorkizunari begira konponbidearen alde lan egiteko apostua egiteko garaia baizik». Beren apostua hori dela azpimarratu dute, askatasuna eta bakearen alde aritzea, «gatazka historikoa gaindituko duen konponbide demokratiko eta negoziatuaren bidez».
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!