Larunbateko gertakariek erreakzio gehiago eragin dituzte

Kronika - Erredakzioa 2008ko ots. 19a, 01:00

EB-Berdeak taldeak, EAJk eta PSE-EEk salatu dituzte larunbateko istiluak.

Larunbat gauean istiluak izan ziren Hernanin. Zenbait ezezagunek autobus bat erre zuten Elkano kalean, eta PSE-EEren egoitza, banketxeetako kajero automatikoak eta ertzaintzaren patruila erasotu zituzten molotov koktelak botata. Eusko Alkartasunako udal taldea izan zen gertakariak salatzen lehena eta atzo bertan, PSE-EE, EAJ eta EB-Berdeak taldeen salaketak jaso zituen Hernaniko Kronikak.

«Organizatua izan zen»
Hernaniko PSE-EEk esan du erasotzaileen asmoa herritarrak izutzea zela, arrisku haundiko egoera bat sortuta. Gertakariak erabat organizatuak izan zirela uste du PSE-EEk, eta larunbat gaua aprobetxatu zutela «kanpoko jende asko zegoelako». Egileak «ezker radikalak uzten duelako» erabat legitimatuak sentitzen direla azpimarratu du Alderdi Sozialistak, eta salatzen dituzte kalte material haundiak eragiteaz gain, pertsonen bizitzak arriskuan jarri direlako, eta zauriturik izan ez bazen «kasualitatez» izan delako. «Herritarrei azaldu nahi diegu gure inplikazio eta ahalegina pakea lortzeko bidean, elkarrizketaren bidetik eta ez biolentziaren bidetik», nabarmendu dute eta Udal taldeari eta bereziki Alkateari «exigitu» diote , gertakarien balorazioa egiteko «bai baitakigu ez dituztela salatuko».

Diru partida bat kalteak konpontzeko
EAJko Udal taldeak nabarmendu du, 30 lagun inguruk, 19.000 hernaniarren ondasunak «arrasatu» dituztela eta horren bueltan zenbait galdera luzatu ditu: «Orain zer? gure herrirako ezer onik lortu dugu? ostiralean bezala edo okerrago gaude? gatazka baten aitzikian guztiak balio du? non daude gure udal agintariak? beren postura garbia da horrelako zentzugabekeria baten aurrean?» EAJk dio Udal agintarientzat bere herriak prioritarioa izan behar duela, eta «beren herritarrei egiten zaizkien etengabeko erasoak» nahiko arrazoi badirela «mobilizatu eta laguntzeko erremintak sortzeko». EAJk plenoari eskatuko dio partida bat sortzeko «osotasunean edo zati batean, saiatzeko, bakoitzak eman lezazkeen laguntza pertsonal eta politikoez gain, Kale Borrokak egindako kalteak konpontzen». Konkretuki 400.000 euroko partida bat sortzeko eskatuko dio plenoari.

«Ez dago eskubiderik herria suntsitzeko»
EB-Berdeak alderdiak larunbateko gertakariak salatu ditu eta nabarmendu du ez dagoela eskubiderik «herria suntsitzeko, guztion herria, gure ahaleginarekin, posible egiten duguna, geroz eta herri erosoago bat, azpiegitura mailan, espaloi, banku eta abar... eta asteburuan guztia txikitzeko». EBren iritzian ez dago eskubiderik «herritarrak tentsio eta sufrimendu horretan jartzeko, gertakarien unean etxean zeuden adinduak eta haurrak, paniko egoera sufritzen. Astakeria hau sufritu duten hernaniar guztiekin solidarizatzen gara».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!