Maitane Iruretagoienak zilarra lortu du 60 metrotan

Kronika - Erredakzioa 2008ko ots. 19a, 01:00

Hernaniarrak 7.68 denboran egin zituen 60 metroak eta marka pertsonala eta Atletiko San Sebastian taldekoa hobetu ditu.

Asteburuan Euskal Herriko pista estaliko txapelketak izan dira eta Maitane Iruretagoiena hernaniarrak domina berri bat lortu du. Jubenila izan arren, txapelketa absolutoan hartu du parte eta zilarrezko domina lortu du 60 metroko proban. Hernaniarrak 7 segundo eta 68 ehuneneko behar izan ditu 60 metroak egiteko eta honenbestez, bere marka eta Atletiko San Sebastian taldekoa hobetu ditu. Iruretagoienak berak aitortu duenez, ez zuen hain emaitza ona lortzea espero, baina entrenatzaileak esan zion denbora hobetzeko moduan zela eta oraindik ere gehiago hobetzeko aukerak ikusten dizkio.

Espainiako txapelketa
Datorren asteburuan Espainiako txapelketak jokatuko ditu Iruretagoienak Valentzian. Helburuetako bat «ondo pasa eta disfrutatzea» izango badu ere, hernaniarrak denbora hobetzeko esperantza badaramaki eta finalaurrekoetara pasatzen saiatu nahi du eta ahal baldin bada, 8 onenak lehiatuko diren finalera. Jubenil mailako estatuko txapelketak, berriz, martxoan izango dira Donostiako Belodromoan, eta etxean izango direnez, «ongi egitea gustatuko litzaidake» aitortu du lasterkari gazteak. Jubenil mailako denborarik onena berea da, oraingoz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!