Autobusa erre eta beste zenbait kalte eragin zituen ezezagun talde batek larunbat gauean

Kronika - Erredakzioa 2008ko ots. 18a, 01:00

LARUNBAT gauean istiluak izan ziren Hernanin, batik bat Elkano kalean. Ertzaintzak emandako datuen arabera, gaueko 21:20ak aldera, enkaputxatu talde batek Atsegindegin zegoen autobus batean zegoen jendea atera arazi eta autobusa erre zuen. Autobusak sortutako suak ondoko autoeskola batean kalteak eragin zituen, toldo, kristal eta letreroetan. Zenbait kontenedore ere jarri zituzten kale erdian. Horrez gain, PSE-EEk Elkano kalean duen Herriko Etxea eraso zuten molotov koktelekin eta kanpokaldea belztuta geratu da. Ertzaintzak azaldutakoaren arabera, bi banketxeetako kajero automatikoak ere eraso zituzten koktelekin. Bestalde, suaren eraginez, hiru kotxe partikularrek kalteak jasan zituzten. Ertzaintzak azaldutakoaren arabera, patruilak istiluak ziren lekura gerturatu zirenean, eraso egin zituzten molotov koktelak botata. Istiluen ondorioz ez zen inor zauritu.

Eusko Alkartasunak gertakari hauek gaitzetsi ditu
EUSKO Alkartasunak, prentsa ohar baten bidez, larunbat gaueko gertakariaren aurrean bere gaitzespena adierazi du. ´Ezker totalitarioak hernaniarrak zigortzea erabaki du,  otsailaren 14ko grebaren porrotaren adierazpen garbia` dio.  EAren iritzira, ´Ezker totalitarioak indarkeriaren beharra duela erakutsi du, bai 14ko greban baita atzoko kasuan, autobusa, kontenedoreak eta abar erretzen`. Bere esanetan, larunbat gauean ´askatasunaren sasidefendatzaileek, berriz ere, betenetako aurpegia erakutsi` dute.
Bukatzeko kaltetuei bere elkartasuna adierazi die EAk eta iragarri du Bozeramaile batzordea deituko duela gertakariak aztertu eta beharrezko neurriak hartzeko.
Kronikako erredakzio itxi artean alderdi bakarraren adierazpenak jaso ziren.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!