«Udalak baso eta lur publikoak kudeatu beharko lituzke eta lur pribatuak eskuratu»

Kronika - Erredakzioa 2008ko ots. 16a, 01:00

ASTE honetan Hernaniko Natur Ondarearen Azterketa aurkeztu du Aranzadik, Biterin eta Ereñotzun. Ikerketa Iñaki Sanz hernaniarrak eta Ibai Olariagak egin dute, biak ere biologian lizentziatuak, Joserra Diezen zuzendaritzapean. Azterketa Joserra Diezek aurkeztu zuen. Agenda 21aren barruan kokatu zuen azterketa, garapena baliabide naturalak errespetatuz egin beharko litzatekeela dioen markoaren barruan. Udalerri mailan hainbat bilera egin dira gai honen inguruan eta hari hortatik etorri da Hernaniko Udalak azterketa hau egitea kontratatzea. Azterketaren helburua, besteak beste, izan da herri mailako natur ondarearen diagnostiko bat egitea, ondoren udalari proposamenak egiteko, baliabide hauek kontserbatu edota hobetu ahal izateko.

Lur publiko dexente
Joserra Diezek udalerriko ezaugarrien artean azpimarratu zuen Hernanik lur publiko dexente dituela, eta hori aprobetxatu egin behar lukeela esan zuen, lur hauek kudeatuta, bertako natur ondarea babestu, mantendu eta hobetzeko. Hernanik balio haundiko guneak dituela ere azpimarratu zuen. Honekin lotuta, aipatu zuen, Europatik datorren 2000 Sarea programaren barruan Hernaniko bi gune daudela: Aiako Harria Parke Naturala (Hernanikoa da parkearen %9) eta Urumea ibaia. Programa honen helbura da sare horretan sartuta dauden guneak kontserbatzea.

Erreka ertzeraino eraikinak
Diagnosian azpimarratutako puntuetako bat da Hernanin, beste herri askotan bezala, Urumea errekaren ertzeraino daudela eraikinak, eta errekak ur haunditzeko dituen gune natural ia denak hartuta daudela. Horrekin lotutako datu bat eman zuen Diezek: gaur egun euri kopuru erdiarekin, duela 50 urte baino arazo gehiago ditugula uholdeekin. Honekin lotuta, esan zuen errekak kanalizatzea hartu daitekeen neurrietako bat dela. Joserra Diezen ustez, urrutirago joan behar da, ´errekak haunditzeko lekuak behar ditu, nahiz eta horretarako gunerik apenas ez dagoen`. Zentral hidroelektrikoen inpaktua ere aipatu zuen atal honetan, besteak beste izokinengan. Izokinek gehienez 2 metroko saltoak egiten dituztela azaldu zuen, errekan gora egin eta arraultzak jartzeko. Urumean 8 presa daude, eta horietatik 6, 4 metrotik gorakoak dira.

Basoak
Hernaniko basoei buruz ere hainbat azalpen eman zituen Joserra Diezek. Batetik, esan zuen administrazioak aipatu izan duela baso ugari dagoela gaur egun, ´baina administrazioak ez du bereizten landaketarako basoen eta baso naturalen artean`. Hernaniko baso naturalen diagnosia da azterketa honetan agertzen den ataletako bat. Hernanin azalera txikia duten baso naturalak daude eta ia ez omen dute baso dinamikarik. Bestalde, basoetan hildako egurra egoteak badu garrantzia, funtzio ugari betetzen baititu. Hernaniko basoetan hildako egur gutxi aurki daiteke. Bestalde, esan zuenez, zuhaitz zahar gutxi daude Hernaniko basoetan, gehien jota ere 200-300 urte arteko arbolak. Zuhaitz zaharrek zirrikitu, zulo ugari dituzte eta egokiak dira animalientzako, eta beste inon hazten ez diren landare, onddo eta likenak hazteko.

Azterketa osoa
Interneten eta udaletxean Natur baliabideen azterketa honetan informazio ugari aurki daiteke. Azterketa osoa www.hernani.net-en zintzilikatuko dute hemendik gutxira. Hirigintza departamentuan ere eskura daiteke.

Esandakoak
«Badaude ganorazko ibai ertzak. Baina hamarkada askotan plantanoak sartu eta sartu egin dira. Plantanoaren orbelarekin lur asko estaltzen da eta ezer ere ez da
hazten azpian. Sekulako altuera dute eta uholde eta haizeteekin arriskutsuak ere izan daitezke. Hauen ordez altza eta lizarra jartzea komeni litzateke»

«Uholdeak fenomeno naturala dira, errekek
hazteko lekua behar dute. Erreka ertz gehienetan eraiki egin da. Galdera ez da nola
ekidin uholdeak, baizik eta nola minimizatu arriskuak. Ez litzateke erreka ertzetan gehiago eraiki behar»

«Zuhaitz mugarrotu asko daude, hauek zuhaitz zaharren anatomia hartzen dute zulo eta txoko ugarirekin, animalia eta landareentzako aproposak. Azken 50 urteetan ez ditu inork kimatu eta sekulako egur bolumena hartu dute, hori dela eta erortzeko
arriskuan daude. Zuhaitz hauek kudeatu egin behar dira»

«Gero eta amoarrain gutxiago dago azken urteetan. Alebinak bota dira errekara eta uraren kalitatea ere hobetu da, baina puzzlea ez da piezza bakarraz osatzen, askoz ere konplexuagoa da. Errekako ura gero eta epelago dago, habitat falta eta janari falta ere kontuan hartu behar dira, besteak beste»

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!