PILI Lujanbiori etorri omen zitzaion ideia burura, ´zergatik ez berreskuratu egun batez bada ere, gure haurtzaro eta gaztaroko garai haiek, tranbia Hernanin barrena ibiltzen zeneko garai hura, eta Tilosetan, Musika Bandaren eskutik, bailea izaten zeneko garai hura?`. Esan eta egin. Asteak buru-belarri lanean eman eta otsailaren 24rako, datorren iganderako, tranbiaren inguruko jaialdia antolatu dute Hernanin.
Tranbia, bailea eta
garai hartako komertzioak
Tranbiaren inguruko jaian ezin zen tranbiarik falta eta horretarako Logroñotik ekarritako txu-txu trena itxuraldatu egingo dute. Itsuraldaketa Andres Maizek egingo du. Hernaniarrek tranbian ibiltzeko aukera izango dute beraz egun horretan, eguerditik bazkalordura arte. Floridarainoko ibilbidea egingo du itsuraldatutako trenak. Arratsalde partean, Kaxkoan barrena ibiliko da trena, Caserio taberna dagoen horretan geldialdia eginda, Tilosetako bailera joan nahi duenarentzat. Trenean ibiltzea euro bat kostatuko da. Beste tren txiki bat ere jarriko dute Plaza Berrin barrena ibiliko dena. Haurrei euro erdi bat kobratuko diete eta helduei euro bat. Itsuraldatutako trenaz gain, Plaza Berrin garai batean izan ziren zenbait komertzio ere berreskuratu edo garai bateko girora egokituko ditu Andres Maizek: Adarraga gozotegia, Cuevas farmazia, Portalondo eta Caja de Ahorros-a. Horrez gain, Azurmendi taberna ere irekiko dute ordu batzuetarako. Azurmendi taberna oraingo Atxur tabernaren parean zegoen. Garai bateko zerbitzariak ere bertan izango dira: Adeli, 37 urtez bertan lanean aritutakoa, eta Maitere. Tilosetako baileari dagokionean, Kaxko elkarteak ahalegin bereziak egin ditu, 1974 aldera desagertu zen ekitaldi sozial hura ahalik eta ondoen berreskuratzeko. Gaur egungo bikote ugari, Hernanikoak eta ingurukoak, bertan elkartu ziren eta espero dute egun horretan berriro ere estu-estu helduta dantzatzera animatzea. Hala ere, ez dute ahaztu behar garai hartan txaperoa ere izaten zela eta dena kontrolatzen saiatuko dela. Manolo Sagarna bandako zuzendari izandakoa eta Patxi eta Joaquin Apezetxea ere izango dira bertan. Horrekin batera, garai batean bezala oilaskoak errifatuko dituzte. Bailearen aurretik txokolatada ere izango da eta garai bateko gozoak berreskuratuko dituzte, boladoak esaterako, uretan urtzen ziren azukrezko bola haiek.
Garai bateko gidariak
omenduko dituzte
Tranbiaren inguruko jaialdi hau prestatuta ezin ahaztu garai hartako tranbiaren gora beherak inork baino hobeto ezagutzen dituztenak, gidariak, garai hartako memoria historikoaren gordailu ere badirenak. Bizirik dauden 6 gidariak omenduko dituzte: Manuel Borja hernaniarra, Patxi Urbizu ereñotzuarra, Astigarragako Luis Zumeaga eta Antonio Zapirain, Donostiako Juanito Egiza eta 103 urteko Jose Astarbe.
Herritarrak eta
komertzioak animatu
Kaxko auzo elkarteak herritar eta dendariei eskatu die egun horretan garai hartan bezala janzteko. Bestalde eskerrak eman nahi izan dizkie ekitaldi hau antolatzen lagundu dutenei, diruz eta bestela: Udala, Berriak elkartea, Adarraga gozotegia eta herritar anonimo ugari.
‘Tximist-gurdia’ 1903-1958
SAN Joan konpartsak 2002ko ekainean argitaratu zuen liburuxkan tranbiari buruzko informazioa aurki daiteke. Antza, tranbiari tximist gurdia deitzen zioten, egiten zuen zaratagatik eta ateratzen zituen txinpartengatik.Tranbia 1903an hasi zen martxan eta 11.681 metroko ibilbidea egiten zuen. Bost estazio zituen: Peñaflorida, Amara, Loiola, Astigarraga eta Hernani. 25 geldialdi egiten zituen.
Tranbiak berebiziko garrantzia izan zuen martxan izan zen urteetan. Alde batetik, baserritarrei beren produktuak Donostian saltzeko aukera ematen zien. Bestetik, donostiarrei sagardotegietara eta jaietara joateko aukera ematen zien, besteak beste.
Trenak iraun zuen bitartean milaka istorio eta anekdota izan dira, tranbian ibiltzeko aukera izan zutenek ondo gogoratuko dituztenak.
Tranbiak azken bidaia 1958an egin zuen, gaueko 09:15ak aldera. Jose Cruz Lasartek gidatu zuen, ordurako erretiroa hartuta zuten hasierako gidariek lagunduta.
Otsailaren 24ko egitaraua
- 11:00 TRANBIAREN IRTEERA. Plaza Berritik abiatuko da eta garai bateko ibilbidea egingo du Floridaraino, Benta Berriraino.
- 12:00 OMENALDIA. Txalaparta eta txistu doinuz lagunduta omenaldia egingo zaie garai bateko tranbia gidariei. Horrez gain, bertsolariak izango dira eta olerkiren bat ere irakurriko dute. Kantuz eta Ozenki abesbatzako kideek kantu batzuk abestuko dituzte. Juanjo Uria izango da aurkezlea. Omenduak: Manuel Borja hernaniarra, Patxi Urbizu ereñotzuarra, Astigarragako Luis Zumeaga eta Antonio Zapirain, Donostiako Juanito Egiza eta 103 urteko Jose Astarbe.
- 14:30 BAZKARI HERRIKOIA. Txantxangorri eta Santa Barbara elkarteetan. Txartelak salgai, Oindi tabernan, Jaione Konjelatuetan, Pineda harategian. Manuel Lujanbiok ere salduko ditu txartelak. 25 euroren truke.
- 17:30 TXOKOLATADA. Txokolatada izango da, Plaza Berrin.
- 19:00-21:30: TILOSETAN GARAI BATEKO DANTZALDIA. Manolo Sagarnak berriro ere Musika Banda zuzenduko du egun honetan. Joaquin eta Patxi Apezetxea ere izango dira txistua jotzen. Txaperoa ere izango da, garai batean bezala.