Giza Eskubideen Batzordea bildu zen asteazkenean Udaletxean eta bi mozio izan zituzten aztertzeko. EAE-ANV alderdiak aurkeztutako mozioa izan zen Batzordeak diktaminatu zuena, EAE-ANVko lau ordezkarien aldeko botoekin, eta hurrengo plenoan eztabaidatuko da. EAE-ANVko mozioaz gain, EAJ, EA eta EB-Aralarrek aurkeztutako beste bat ere aztertu zuen Giza Eskubideen Batzordeak, eta EAJ, EA eta EB-Aralarren aldeko hiru botoak lortu zituen. PPk bi mozioen aurka bozkatu zuen eta PSE-EEko ordezkaririk ez zen izan batzordean.
Euskal Herriari «erasoa»
Giza Eskubideen Batzordeak diktaminatutako mozioak dio EAE-ANV alderdiaren suspentsioa erabakita, espainiar estatuak berriro erasotzen duela Euskal Herria, eta Alderdien Legea erabiltzen duela «herri honen eskubideak jazartzeko, egitasmo politikoak legez kanpo uzteko eta independentziari ateak ixteko». Une erabakiorrean gaudela dio mozioak eta bi aukera daudela: «herriaren borondatea ukatzen duen Konstituzioari atxiki edo Euskal Herriari erabakitzeko eskubidea aitortu eta gatazkari behin betiko konponbidea eman». PSOE eta EAJ-PNV «iruzurra» prestatzen ari direla azpimarratzen du testuak, «herri honen eskubideak ukatzen dituen markoa erreformatu nahi dute». Herri honek «marko berri bat» behar duela ere azpimarratzen du.
Mozioak zenbait puntu biltzen ditu Plenoak onartu ditzan, eta EAE-ANVko udal taldearen eskubideak bermatzeko zenbait puntu ere proposatzen ditu.
EAJ, EA eta EBren mozioa
Giza Eskubideen Batzordean EAJ, EA eta EB-Aralarrek beste mozio bat aurkeztu zuten, lau puntu biltzen dituena. Lehen puntuak dio «bizi dugun eskubide zapalkuntza» ez zaiola «inolaz ere» gure herriari komeni eta soluzioa etorriko dela eskubide guztien zapalkuntza baztertzetik eta akordio politikoa bilatzetik, «herri honi berezkoa zaion erabakitze eskubidea oinarri duela». Horrez gain, mozioak dio Alderdien Legearen aurka daudela eta indargabetzea eskatzen du, «indar eta adierazpen politiko orok duelako, guztiek baldintza berdinetan, Euskal Herriko erakunde guztietako bizitza politiko eta sozialean parte hartzeko eskubidea, bakoitzari hautesleek eskaini dioten ordezkaritzaren arabera». Bukatzeko, idatziak dio bake eta gatazka politikoaren soluzio biderantz eramango gaituztela «pertsona guztien eskubide guztien aldeko lanak, eta herri honi bere etorkizuna askatasun osoz eta demokratikoki erabakitzeko berezkoa zaion eskubideen aldeko lanak».
Diktaminatutako mozioa
-Udal honek oso larritzat jotzen du espainiar estatuak EAE-ANV indar politikoaren suspentsioa erabakitzea. Erabaki hau Euskal Herriaren eskubideen aurkako eraso bortitza da eta independentzia helburu duen herri sektore zabala kriminalizatzea du helburu, Euskal Herriaren independentziari ateak ixtea.
-Udal honek herritarren borondatean du oinarri, hortaz, herritarren borondatearen aurka egiten duen lege edo erabakiei ez die inolako zilegitasunik aitortzen. Alderdi Politikoen Legea Euskal Herrian independentismoa jazartzeko erabiltzen da eta hori onartezina da. Espainiar Konstituzioaren eskutik ez dago euskal herritar izaterik, ez dago eskubiderik, ez dago Euskal Herria. Eta hori onartezina da.
-Udal hau ez dago herriak aukeraturiko ordezkariak legez kanporatuak izatea onartzeko prest, izan udal hauteskundeetan jazarpena jasan zuten zerrendetako kide, izan suspentsioaren eragina jasango dutenak. Hortaz, bere babes osoa eskaintzen die EAE-ANV udal taldeko kideei eta erabaki honetatik eratorri daitezkeen ondorioei aurre egiteko konpromiso irmoa hartzen du. Hori horrela, mozioarekin batera aurkezten den Neurrien Zerrenda onartzen du udal honek.
-Udal honek proiektu politiko guztien bideragarritasuna aldarrikatzen du, independentzia barne. Hori da, gainera, Euskal Herriak bizi duen gatazkari konponbidea emateko bidea, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako herritar guztiak proiektu guztien artean erabakitzeko eskubidea errespetatuko duen marko demokratiko bat eraikitzea, hain zuzen ere.
EAE-ANV Udal Taldearen eskubideak bermatuak izateko proposatutako neurriak
-Udal honek 2007ko maiatzaren 27an herriak emandako bozetan du oinarri, eta boza guztiak kontutan hartuta herritarrek aukeraturiko ordezkari guztiak aitortza osoa eta eskubide guztiak bermatuak izan ditzaten neurriak hartuko ditu.
-EAE-ANV Udal Taldeak zein hautetsi bakoitzak dituen eskubide guztiak bermatuak izango dira.
-EAE-ANV Udal Taldeari bere izaera errespetatuko zaio.
-EAE-ANV Udal Taldeak zein hautetsiek udal jardueran era normalizatu batean parte hartzeko aukera guztiak izango dituztela bermatuko da, beste Udal Talde eta hautetsiek izango dituzten berdinak, hain zuzen ere.
-EAE-ANV Udal Taldeko hautetsiek udalaren ordezkari gisa bestelako erakundeetan dituzten ardurak eta karguak gorde eta era normalizatu batetan bete ahal izango dituztela bermatuko da.
-EAE-ANV Udal Taldeak zein hautetsiek beraien lana garatzeko dituzten udal tresna eta baliabide zein diru ekarpen guztiak bermatuko zaizkie.
-Erabaki honen ondorioz EAE-ANV Udal Taldeak edo hautetsiek jaso dezaketen eskubide urraketa edota ondorioen aurrean Udalak bere babes eta laguntza osoa eskainiko du.