Ezker abertzaleak greba orokorra deitu zuen atzorako, azken aldiko legez kanporatze eta atxiloketak salatu eta «Euskal Herriaren eskubideen alde» egiteko. Hernaniko LAB sindikatuak grebak izandako erantzunaren balorazio positiboa egin zuen atzo. Enpresa haundienetako batzuk greba egin zuten, LABek jakitera eman zuenez: AMR-k, Celulosas de Hernanik, Industrias quimicas del Urumeak eta Electroquimicak adibidez. LOIREn kontzentrazioa egin zuten eta Oronan 3 botogatik erabaki zuten grebarik ez egitea. Horrez gain, enpresa txikian %50 inguruk greba egin zuela nebarmendu du sindikatu abertzaleak eta komertzio eta taberna ia guztiek jarraitu zutela. LABeko kideek Kronikari azaldutakoaren arabera, grebaren helburu nagusia mezua eta eztabaida kalera ateratzea zen, «errepresioaren aurrean erantzutea» eta independentismoa aukera politiko bezala aldarrikatzea.
Patronalak bestelako balorazioa
ADEGIk Gipuzkoan grebak izandako erantzunaren balorazioa egin zuen atzo, LABek egin zuenetik oso bestelakoa. Patronalaren hitzetan, enpresa haundietan eragin txikia izan zuen grebak eta komertzio asko piketeen eraginez itxi ziren. Bestalde, Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia Kontseilariak ere esan zuen grebak erantzun txikia izan zuela.
Manifestazioa, geldiarazia
Manifestazio jendetsuak egin ziren atzo Hernanin, LABek deituta. Eguerdian, 800-1.000 lagun inguru bildu ziren antolatzaileen hitzetan eta ilunbarrean 1.000 lagun inguru. Eguerdiko manifestazioa geldiarazi egin zuen Ertzaintzak Atsegindegi parean, manifestazioa ez zegoela baimendua adierazita. LABek baimena faxez eskatu zuela nabarmendu du, baina Ertzaintzak horren «konstantziarik» ez zuela esan zuen eta identifikatu egin zituen pankartan zijoazenak. Geldialdiaren ondoren, manifestazioa bukatzeko modua izan zen. Arratsaldeko manifestazioa arazorik gabe egin zuten.