Greba orokorra deitu du Ezker Abertzaleak biharko, legez kanporatze eta atxiloketak salatzeko

Kronika - Erredakzioa 2008ko ots. 13a, 01:00

Ezker Abertzaleak greba orokorra deitu du biharko, azken aldiko legez kanporatze eta atxiloketak salatzeko. Grebarako deia egiteko prentsaurrekoa igandean eman zuten ezker abertzaleko zenbait kidek, Bilbon egin beharreko manifestazioa galerazi ondoren. Prentsaurrekoa eman zuten Batasunako mahai nazionaleko hiru kide atxilotu egin zituen ertzaintzak, Garzon epailearen aginduz, Ezker abertzaleko beste hamaika kiderekin batean. Euskal Herriak jasaten duen «salbuespen egoerari» aurre egiteko deitu dituzte herritarrak grebara. Legez kanporatze nahiz atxiloketen gainetik, ezker abartzaleak «borrokan tinko» jarraituko duela ere azpimarratu dute.


LABek kontzentrazioak
LAB sindikatuak biharko grebarako dei egin die langile guztiei eta herri guztietan mobilizazioak antolatu dituzte eguerdiko 12:00etan. Horrez gain, mobilizazio gehiago ere antolatu ditu LABek Hernanin: goizeko 09:00etan, kotxe karabana; eguerdiko 12:00etan, Manifestazioa Plazan; arratsaldeko 18:00etan, kotxe karabana; eta iluntzeko 20:00etan, manifestazioa Plazan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!