EAJko Udal taldeak osoko zuzenketa aurkeztuko die 2008ko aurrekontuei

Kronika - Erredakzioa 2008ko ots. 12a, 01:00

Beren iritzian, diru publikoa «ondo gestionatuz gero» aurrekontu proposamenetik 4 miloi euro inguru aurreztu litzake udalak.

EAJko Udal taldeak osoko zuzenketa aurkeztuko dio Gobernu Taldeak egin duen aurrekontu proposamenari, Andoni Amonarraiz bozeramaileak jakitera eman duenez. Aurreko astean, Patronatuetako aurrekontuen inguruko iritzia eman zuen EAJk eta orain Udal aurrekontuei buruzkoa eman du. Dirua ondo gestionatuz gero, aurkeztutako aurrekontu proposamenean 4.180.896 (664.000.000) euro aurreztu litezkeela uste du EAJk.

Sarreren atala
EAJk azaldu du hirigintzari eta eraikuntza, instalazio eta gainerako proiektuei dagokien aprobetxamenduak erakusten duela «Udal Gobernu taldeak duen interes urria, gure herrian eraiki dadin, eta etxebizitza arazoa konpondu dadin». Jokamolde honekin, Hernani 20.000 biztanlera iristea galaraziko dutela uste du EAJk eta Foru Aldundiak horregatik emango lukeen diru kopuru haundiagoa ez duela jasoko Hernanik.

Maileguen atala
Mailegu edo prestamoen atalari dagokionez, EAJk dio Gobernu Taldeak entzungor egin diela beren proposamenei «2007ko aurrekontua garatu ahal izateko maileguak eskatzeko beharra zegoela esan dugu eta ezinezkoa dela esan dute behin eta berriz, udala banka rota egoeran aurkitzen zelako». 2008ko aurrekontuetarako oso bestela jokatu dutela salatzen du EAJk eta «Udal honen historiako zorpetze haundiena izango dena aurkeztu dute, 7.069.000 euro (1.176.182.600 pta). Zertarako horrelako pufoa?»

«Udal aholkulariek agintzen jarraitzen dute»
EAJko udal taldeak nabarmendu du igo egin direla zenbait partida: azterketei eta proiektuei zuzendutakoa, aholkularitza juridikokoa eta hirigintza aholkularitzakoa. «Horrek erakusten du Gobernu Taldeak gobernatzeko darabilen kriterioa zein den: Udaleko aholkulariek gobernatzea, Alkatearen laguntza puntualarekin, eta beren lanak uzten dienean, gainerako zinegotzien laguntzarekin. Guk uste dugu honek alderantziz behar duela, zinegotziek gobernatu behar dute eta egunero egon, eta noizbehinka aholkulariek. Udal honetako paradoxa da, oposizioko zerrendaburuak egunero Udaletxean gaudela eta Gobernu Taldeko zinegotziak ez». Inbertsioen atala EAJk ez ditu gogoko aurrekontu proposamenak biltzen dituen zenbait inbertsio partida, besteak beste, kiroldegiko igerilekuen anpliazioa: «barruko igerilekua 4 kale anpliatzea 2.401.896 euro kostako da (400.000.000 pta), 0 eurogatik igerileku berri bat, SPA bat eta kiroldegi berri bat lortu litekeenean, hernaniar guztien eta kluben beharrak aseko dituena». Villa Ave Mariako planteamentu berriari buruz dio zentzugabea dela 1.200.000 euro gastatzea «2007an egiten hasi zen proiektu bat badagoenean. Gobernu Talde berriak geldiarazi zuen Hernaniko Berdegunea proiektua, hain zuzen ere, Biterin erakusketan egon zena, herritarrek parte hartu zutena, eta hauen aportazioak biltzen dituena. 4 urteko inbertsioa biltzen du honek, urtean 150.000 eurokoa. Proiektu honi jarraituta, 1.050.000 euro aurreztuko genituzke». Villa Politenarako azterketa berria eta Hernani 2020 alorrerako partida ere ez ditu begi onez ikusten EAJk: Villa Politenakoa badagoelako beste aurreproiektu bat; eta Hernani 2020koa, San Markosek ordaindu lezakeelako.

Zenbait proposamen
EAJren iritzian, 2008an egin beharreko lanetako batzuk hauek lirateke: «Karabelgo bigarren fasea, Gudarien plaza, Tiloseta eta frontoia estaltzea, Villa Politena eta La Cumbreko etxeetarako bidea. Proiektuei dagokienean, Sagardo Guneko oinarrizko proiektua eta museistikoa, eta 600 lagunentzako auditorio itxi batena».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!