Etxeberri auzoko Oriamendi Kooperatibak Marian Beitialarrangoitia alkateak bertako bizilagunei bidalitako eskutitza erantzun du, eskutitz baten bidez. Bertan, Hernaniko alkateak aipatutako kontu batzuen gaineko zehaztasunak eta iritziak ematen ditu.
Plenoan sinatutakoa
Bertako obren inguruan izandako bilakaera aipatuta zera galdetzen dute: ´obrak hasteko garaian, gobernu talde berriak, ados ez dagoelako, bertan behera utzi nahi ditu. Zertarako balio du Plenoan onartu izanak?` eta jarraitzen dute esaten ´orain, ados egon edo ez, aurrera egin behar da sinatutakoarekin`.
Alkateak bere eskutitzan aipatzen du aurreko Udalak betebehar zerrenda luze bat onartu zuela, neurriz kanpoko ondorio ekonomikoekin, eta beste auzoetako premiak alde batera utzi beharko lituzkeela Udalak. Alkateak aipatutako diru kantitateei buruz, Oriamendi Kooperatibak dio ´ez dakiela nondik sortu diren kantitate horiek` eta beste auzoak aipatzeari buruz dio, ´auzoak beren kontra jarri nahi dituela` alkateak. Elkartearen ustez, ´ez ditugu pribilegioak, alderantziz, orain arte abandonatuta egon gara`.
Eskaera argia
Oharrean diotenez, ´ez dute indemnizazioaren dirurik nahi` eta beren eskaerak luzatzen dituzte: batetik, Bestizan urbanizazio berriko irteera egitea eskatzen dute; bestetik, trenbide azpiko pasabidea konpontzea eskatzen dute, ´ondo begiratuta, besteentzako mesede handiagoa da Etxeberri auzoarentzat baino`.
Akordioa lortzeko prest
Alkateak auzotarrei bidalitako eskutitzaren hasieran esaten zuen gobernu taldeak aukera eskaini ziola Kooperatibari, alkatea bera joan, eta gobernu taldearen proposamena azaltzeko, baina Kooperatibari ez zitzaiola beharrezkoa iruditu.
Honi erantzunez, auzo elkarteak dio ´prets daudela, eta beti egon direla, akordio batera iristeko` eta galdetzen dute ´zertarako dira udal plenoak onartu eta sinatutako akordioak? `
Eskutitza bukatzeko beren eskaerei eusten diote: ´Espero dugu aurrera eramatea sinatutako akordioa`.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!