baltasaR Garzon epaileak, Auzitegi Nazionalean, hiru urterako eten du EHAK eta EAE-ANVko alderdien jarduna, atzo jakinarazi zuenez. Bi alderdi hauen egoitzak ixteko eta diru kontuak blokeatzeko agindua ere eman du. Ezin izango dute, ezta ere, hauteskudeetan aurkeztu, diru laguntzarik jaso, publizitate edo propagandarik egin, ez eta manifestazio eta ekitaldi publikorik deitu. Neurriak bi alderdi hauek ´ETA-Batasunaren helburuak betetzeko tresna` zirela argudiatuta hartu ditu epaileak.
Auzitegi Goreneko erabakia
EAE-ANV eta EHAKren kontra, Auzitegi Nazionaleko auziaz gain, Auzitegi Gorenekoa ere izan da. Ostiral gauean eman zuten epaileek hartutako erabakiaren berri. EHAK eta EAE-ANVren jardun politikoa eteteko nahiko argudiorik ez dagoela erabaki zuen alde batetik. Eta bestetik, ANV hauteskundeetara aurkeztea debekatu zuen eta baita ere bi alderdiek diru laguntzak jasotzea.
Erabaki honek ez du ondorio praktikorik, jarduna eteteko erabakia hartu baitzuen Garzon epaileak, goizean publiko egin zuen autoarekin.
Udaletxeetako karguak
Atzo iluntzean, Auzitegi Gorenaren erabakia publiko egin aurretik, oraindik ere zalantzak ziren udaletxeetako karguak bere horretan mantenduko ziren ala ez. Hernaniren kasuan Alkatea eta 7 zinegotzi.
Garzon epaileak goizean publiko egindako autoan aukera hau baztertzen bazuen ere, Estatuko abogadutzak Auzitegi Gorenari eskatu zion udaletxeetako EAE-ANVko taldeen jarduna etetetea, eta baita Legebiltzarreko EAB taldearena. Auzitegi Gorenak atzo gauean emandako ebazpenean, baztertu egin zuen neurri hau.
Inputatuak
Baltasar Garzonen autoan hainbat inputatu agertzen dira, 40tik gora, horietako asko Segurako operazioan atxilotutakoak. EHAK eta EAE-ANV alderdien kasuko inputatuak multzo horretan sartu ditu epaileak, eta tartean dago Alazne Arozena hernaniarra. Epaileak ´talde terroristarekin kolaboratzea` leporatzen dio.
Bestalde, Ezker Abertzalea talde parlamentariko bi kide ikertzeko eskaria ere egin du Baltasar Garzonek, horietatik bat hernaniarra, Nekane Erauskin. Epaileak uste du badaudela argudioak ´ETArekin kolaboratu izana` leporatzeko. Hala ere, parlamentariak dira eta ondorioz aforatuak, eta EAEko Auzitegi Nagusiari dagokio auzi hau bideratzea. Garzonek iragarri du ikerketa egitea eskatuko diola Auzitegi Nagusiari.
Manifestazioa debekatua
Azkenik, Baltasar Garzon epaileak debekatu egin du gaur Bilbon Euskal Herriaren eskubideen alde. Salbuespen egoerari stop lemapean deitutako manifestazioa, eguerdiko 12:00etan ateratzekoa, Bilboko Aita Donostia plazatik, eta Ertzaintzari eskatu dio manifestazioa eragozteko, `ez dela legezkoa` argudiatuta.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!