Andoni Unanue artista ‘bohemioaren’ erakusketa Biterin

Kronika - Erredakzioa 2008ko ots. 9a, 01:00

Hernanin ezaguna zara, baina askok ez dakite zehazki nongoa zaren, zure adina... Atrebentzia ez bada, aurkeztuko duzu zeure burua, Andoni? Ni internazionala naiz. Lanbidez biajantea izan naiz eta horrek esparru asko irekitzen dizkizu. Jaiotzez, 1932an jaio nintzen eta lasartearra naiz. Orian, Urnietan eta Lasarten bizitu naiz urte batzuk. Gero Hernanira etorri ginen emaztea eta biok eta hementxe geratu ginen. Hernanin ezaguna naizela? Beno, akaso zirkulu batzuetan. Deformación profesional esaten dena da: niri gustatzen zait jendearekin egotea, denekin hitz egin... baina bakarrik ibiltzea ere gustatzen zait. Margo eta pinturarako afizioa noiz sortu zitzaizun? Non ikasi duzu? Txikitatik izan dut afizio haundia baina motibazio berezia izan nuen gure osaba Manuel Lekuona oiartzuarraren ondoan. Ni txikia nintzela, bera Lasartera etortzen zen, gure etxera, eta berarekin konbertsazio luzeak izaten nituen eta Donostira eramaten ninduen museora edo erakusketak ikustera. Jakintsua zen oso gure osaba, asko zekien pinturaz. Bera konturatu zen Euskal Herrian bi Greko zeudela, ordura arte inor ez zen jabetu horretaz. Aurrerago emazteak animatu ninduen. Peio Goeio izan da nire maisu bakarra. Bestela autodidakta izan naiz. Jubilatu baino lehenago hasi nintzen, 92an edo. Arantxa Laburuk ere badu zerikusia, garai batean lantxo batzuk eskatu zizkidalako. Geroztik, afizioa nuenez, segi eta ez naiz gelditu. Zenbat lan dituzu erakusketan? Denera 56 lan: txuri-beltzean, koloreetan, minimalistak eta abstraktoak eta bi karikatura. Duela zazpi urte ere egin zenuen beste erakusketa bat hemen, Biterin. Zein oroitzapen dituzu? Oraingoak askoz ere sintonia gehiago du. Ordukoan anarkia handiagoa zegoen: oleoak, pastelak, grafitoak... denetarikoa izan zen. Zein teknika erabili dituzu oraingoan? Zergatik? Grafitoa eta pastela. Oleoa eta akuarela egiteko cultura del pincel esaten dena behar da. Paleta prestatu, nahastu, garbitu... Ni nahiko anarkikoa naiz horretarako. Pastela erosoagoa da; egun batean pintzelada bakar bat eman dezaket. Zergatik anarkikoa? Ez dudalako disziplinarik. Nirea da, lagun batek esaten zuen bezala, una disciplina genial. Irizar tabernan izan dira zure lanak. Beste erakusketarik egin duzu? Joxe Mari tabernan, Rufinonean eta Irizar tabernan jarri izan ditut lanak. Joxe Marin eta Rufinonean batez ere karikaturak; Irizarren koadroak jarri izan ditut. Amistadea dut Irizarrekoekin, bi oleo ere badituzte nireak, 97koak, oso txarrak. Astigarragan ere ibili zara margo lehiaketaren batean epaile, duela urte pare bat. Telleriak, hango pintura irakasleak gonbidatuta joan nintzen. Beste erakusketaren bat edo, ezagutzen ez dugunik? Lasarteko baserriei buruzko pelikula egin zenean, koadro batzuk jarri nituen hango kultur etxean, baina gutxi ditut nik Lasartekoak. Zaletasuna da, zuretzat, lan hau? Bai, hobbya. Enkarguak izaten ditut, baina nire airera ibiltzen naiz oso. Anekdota bat kontatuko dizut: garai batean Salamancara joaten ginen asko, eta han plazan, ´Mesón de Cervantes` izeneko taberna batean ginela, gizon bat ikusi nuen, karikatura bat egiteko ´perfil perfektoa` zuena eta ezer esan gabe, egin egin nion. Hizketan hasi ginen eta konturatzerako bost edo sei lagun nituen denak errenkan nik karikatura bana egiteko zain. Zein da, ba, karikatura egiteko ´perfil perfektoa`? Emakumeena egitea normalean zailagoa da. Fakzioak ondo markatuak izan behar dira: sudurra edo zerbait, gizonek bigotea... antiajoak asko laguntzen dute. Zein da zure estiloa? Estilo propioa dut, baina inpresionismorako joera dut, maite dut inpresionismoa. Nire irakasleak, berriz, osaba Manuel eta mundua izan dira, munduan ibili. Baserriak, zuhaitzak... Zein motatako irudiak egiten dituzu? Ez dut abstrakziorako joerarik. Figuratibo errealista naiz. Pintura batzuk argazkietatik egiten dituzu, ezta? Beno, askotan apunteak hartzen ditut eta bi edo hiru argazki egiten ditut, eta hortik abiatzen naiz. Zein tipotako apunteak hartzen dituzu? Esaterako, etxe bat marraztu edo margotu behar badut, ba, etxea nola dagoen, zein zuhaitz dauden, argitasuna... Pintura edo margoa. Zein duzu nahiago? Ni txuri-beltzetik nator, baina pixkanaka koloreei neurria hartzen ari naiz. Zeren arabera aukeratzen duzu bata edo bestea lan bat egiteko garaian? Ez dago arrazoirik. Baleike niretzat errezagoa izatea txuri-beltza. Txuri-beltzari matizak emateko sensibilitatea behar da. Hiru gauza dira inportanteak: argia, perspektiba eta matizak, eta obserbazio haundia; egiten ari zarenean ondo begiratu behar duzu nondik nora jo, zer falta den... Zerbait berezia behar al da pintatzeko edo margotzeko? Nik uste dut jaio egiten dela horrekin, baina dena bezala, landu egin behar da. Erraztasuna ere behar da, adimena eta eskuaren arteko koordinazioa... Eta sensibilitate berezirik behar da? Hori denerako behar da. Zer dira zuretzat pintura eta margoa? Definitu. Semeak bezala dira niretzat. Orain, pozgarria da horrela ikustea erakusketan. Komunikazioa maite duzu. Lan hauekin ezer komunikatu nahi duzu? Nik margoan nire sentimendua jartzen dut. Hor hasten da komunikazioa... Gatozen Hernanira. Zein harreman duzu herriarekin? Gustura bizi naiz hemen. Jende askorekin dut harremana. Goiz Eguzkiko zuzendaritzan egon nintzen bi urte... Beti prest nago edozeini laguntzeko. Politikoki, berriz, ez naiz nabarmentzen. Uste dut beste bide batetik egin behar dudala nire lana. Hernaniko irudi asko dituzu zure lanetan. Bai, asko; ia denak: Akola, Agerre baserria, Urumea ibaia, Tilosetako etxea, Elorrabi... Arrazoi berezirik? Besterik gabe, hemen bizi naizelako, eta asko, gainera, enkarguak izaten direlako. Erakusketarako prestatutako esku-orrian Galdeano izeneko batek aurkezpen bat egin dizu. Nor da Galdeano? Nire kintoa da, urte askotan Diario Vascoko korrespontsal izana. Galdeanok honela dio esku-orriko aurkezpenean: ´Andonik onarpen berezia du hernaniarren artean`. Hori hernaniarrek esan behar dute. Berak hala pentsatuko du... Honakoa ere esaten du: ´Bada, Andoni Hernaniko bohemio berezitzat jotzen duenik`. Lehen esan dut, hori deformación profesional da. Beti bakarrik ibiltzen nintzen eta izugarri gustatzen zitzaidan kontaktuak egitea, jendea ezagutzea. Jende asko espero duzu erakusketan? Aurrekoan jende asko etorri zen eta nik uste dut baietz. Hernaniko irudiak marrazki eta margoetan bildu dituen lasartearra. AKOLA paraje kuttuna dute hernaniarrek. Udaran ohiko bisitalekua da herritar askorentzat; udazkenetik aurrera, ordea, etxe txokoan sartu eta urruti geratzen da paraje haren edertasuna. Andonik badu, Akolako margo ederra, berak egina, pastelean. Akola udazkenean. Margo eder eta emotibo hori Irizar tabernan egon da jarria denbora luzean eta bertako bezeroen harreta deitu du. Orain, margo eder hori, Biteriko erakusketan dago, eta bisitari baten iritziz, bildumako ederrenetakoa da, agian, hernaniarren kosmologiaren parte delako paraje hori. Akola, ordea, ez da Andonik bere lanetan jaso duen herriko paraje bakarra. Erakusketara hurbiltzen denak, Hernaniko txoko bereziak ikusiko ditu: esaterako, Santa Barbarako Agerre baserria, Elorrabiko zubia, Urumea ibaiaren bazterrak, Kaxkoko etxe enblematikoak (irudian azaltzen dena esaterako), eta baita ingurukoak ere, esate baterako, aspaldi desagertu zen Villa Angelita, Zinkoenea inguruan. Erakusketa honetan Hernaniko memoriaren zati bat ere jasotzen da.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!