Marian Beitialarrangoitia Alkateak gutuna bidali die Etxeberriko auzotarrei. Bertan Alkateak bere balorazioa egiten du Oriamendi Kooperatiba eta Hernaniko Udalaren artean dagoen hitzarmenari buruz, eta izan diren ustezko arazoei buruz.
Alkateak dioenez, ´Gobernu taldeak Kooperatibari aukera eskaini zion Alkateak batzarrera azaldu eta proposamenak azaltzeko, baina Kooperatibak ez du beharrezko ikusi; horregatik, egoeraren manipulazio interesatuei aurre eginez, komenigarria iruditu zait zuzenean zuengana jotzea, inolako bitartekaririk gabe`.
´Hitzarmenean bete-behar zerrenda luzea onartu zuen Udalak`
Villa Politena eremuko urbanizazio berriaren kaleko sarrera egiteko, Udalak 50 m2ko lur-eremua okupatu behar zuen, Oriamendi Kooperatibarena zena. ´Lur-eremu hori desjabetzeko prozesua erraza, laburra eta zenbateko txikikoa izan zitekeen, baina aurreko Udalak bete-behar zerrenda luze bat onartu zuen, sinatutako hitzarmenean. Bete-behar horietako batzuk ondorio ekonomiko neurriz gainekoak dituzte eta beste batzuk praktikan bete ezinak dira`. Bestelako arazoak ere aipatzen ditu Beitialarrangoitia Alkateak gutunean.
Egungo Gobernu taldearen jarrera
Gutunak dioenez, egungo Gobernu taldearen jarrera ez da besterik gabe aurreko Udalak egindakoaren aurka joatea, kudeaketa legezko, garden eta eraginkorraren aldeko konpormisoa baizik, herriaren interesen alde eginez. ´Horregatik ezin dugu hitzarmen hori onartu idatzita dagoen moduan`.
Alkateak dioenez, ´txosten tekniko-juridikoak oinarri hartuta badakigu hitzarmenak deuseztasun-akatsa duela, eta tramiteak hasiak ditugu. Tramiteak bukatzean, Udalak legez aukera izango luke hitzarmena onartu edo atzera botatzeko`.
(Gutuna bere horretan du nahi duenak www.kronika.net helbidean).
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!