2008ko udal aurrekontuei buruzko iritzia eman du EAJ-PNVk

Kronika - Erredakzioa 2008ko ots. 9a, 01:00

Joan den hilaren 23an 2008ko aurrekontuen zirriborroa aurkeztu zuen Gobernu taldeak. Andoni Amonarraizek aurrekontuetako zenbait gairi buruzko iritzia eman du prentsa ohar baten bidez, Hernaniko EAJ-PNVren izenean. Ongitza patronaturako aurreikusitako diru laguntzei dagokienez, Amonarraizen ustez, aurreikusi diren gastuak egokiak dira. Hala ere, bi zehaztapen egin ditu: batetik, pozten dela dio ´EAJ-PNVek aurreko legealdian erabilitako irizpidea mantendu delako eta Etxez Etxeko Zerbitzurako diru partida KPIaren gainetik igotzea porposatzen delako`; bestetik, zalantzan jartzen du Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetara bideratuko den diru guztia xahutuko denik. Kirol Patronaturako bideratutako diru laguntzei dagokienez, ´egundoko errorea eta sekulako diru xahuketa` dela diote 2.401.896 euro (400.000.000 pezeta) xahutu nahi izatea egungo igerilekuari lau kale berri eransteko, izan ere, ´oraingo gobernu taldeak, jakin badaki, sosik gastatu gabe, Hernanik kiroldegia, igerilekua eta SPA izan ditzakeela, herritar eta talde guztien beharrak asetzeko adinakoa`. Amonarraizek galdetzen du zergatik egiten den hori, eta ´hauteskundeetan agindutako zerbait, herriaren interesen gainetik al dagoen`. Bestalde, zenbait diru partida haunditzea eskatzen dute, esaterako, taldeentzako, eskola kirolerako eta kirol ekintzetako diru laguntzetarako, ´taldeek baliabide gehiago izateko, ikastetxeek hobeto prestatutako irakasleak izateko eta ekitaldi publiko gehiago egiteko`. Ereñotzun frontoia jartzearen aldekoak direla dio, eta horretarako 18.000 euroko gastua aurreikusten dute eta galdetzen dute: ´Zergatik 65.000euro aurrekontuetan?` Igerileku irekien inguruan, uste dute egokiena litzatekeela montajea, ustiaketa, garbiketa eta hauekin lotutako lanak lehiaketa bidez esleitzea, horrek Udalari 100.000 euroko diru aurreztea suposatuko liokeelako. Aurrekontu partehartzaileen inguruan honela dio prentsa oharraren bukaeran : ´ez dira inon ere jasotzen hernaniarrek aurrekontu partehartzaileetan egindako ekarpenak`. Hurrengo urratsak Udalak joan den hilean aurkeztu zuen 2008ko aurrekontuen zirriborroa. Orain alderdi politikoek alegazioak egiteko aukera dute hilaren 12ra arte. Hurrengo urratsa Ogasun Batzordea deitu eta alegazioak aurkeztea izango da, eta azken urratsa, aurrekontuak plenoan onartzea. Otsailean onartu nahi ditu aurrekontuak Gobernu Taldeak.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!