EAE-ANV eta EHAKren jarduna eten du Baltasar Garzon epaileak

Kronika - Erredakzioa 2008ko ots. 9a, 01:00

BALTASAR Garzon epaileak EAE-ANV eta EHAK alderdien jarduna eteteko agindua eman zuen atzo, hiru urtetarako. Horren ondorioz alderdi hauek ezin izango dute Espainiako hauteskundeetara aurkeztu. Horrez gain, epaileak alderdi hauen egoitzak ixtea eta diru kontuak blokeatzea eskatu du. Astelehenean eta asteartean bi alderdi hauen kontrako saioak izan ziren: astelehenean EHAKko ordezkariak izan ziren Auzitegi Nazionalean, eta asteartean EAE-ANVko ordezkariak. Baltasar Garzonek argudiatu du bi alderdiak ´ETA-Batasunaren helburuak betetzeko tresna` direla. EAE-ANVko udal taldeen jarduna etengo den ez dago oraindik ere garbi. Alde batetik, Garzonen autoak dio bere erabakiak ez duela eraginik udaletxe, Batzar Nagusi eta Foru Aldundietako karguetan. Baina beste alde batetik, Estatuko abokatutzak eskatu du Eusko Legebiltzarrean eta udaletxeetan EAB eta EAE-ANV taldeen jardunak eteteko, ´aurreko erabakiaren segida logikoa` hori omen dela argudiatuta. Bi alderdi hauen kontrako auzia bi epaitegiren bidez ari dira egiten. Batean, Baltasar Garzon epailea ari da, Auzitegi Nazionalean, bide penaletik. Bide horrek ekarri du, esan bezala, bi alderdi hauen jarduna etetea. Beste auzia, Auzitegi Gorenekoa da, prozedura administratibotik ari dena, Alderdien Legearen bitartez. Auzi hori atzo hasi zen eta bi alderdi hauek legez kanporatzeko eskariari erantzungo dio. Goizean EHAKko ordezkariak izan ziren ilegalizazioaren kontrako argudioak azaltzen. Arratsaldean EAE-ANVko ordezkariek zuten hitzordua, baina ez ziren joan. Nekane Erauskin eta Alazne Arozena auzian Asteartean, EAE-ANVren kontrako auzian, Baltasar Garzonek Alazne Arozena hernaniarra inputatu zuen ´talde terroristari laguntzea` leporatuta. Harekin batean inputatu zituen Kepa Mirena Bereziartua eta Antxon Gomez. Asteazkenean, EHAKren kontrako auzian Ezker Abertzalea taldeko Nekane Erauskin legebiltzarkidea kasua aztertzeko bidea hasi zuen. Izan ere, Nekane Erauskin legebiltzarkidea denez, aforatua da eta EAEko Auzitegi Nagusiari dagokio bere kasua aztertzea. Erauskinekin batean Ezker Abertzalea taldeko Karmele Berasategi legebiltzarkidea ere auzitarako bidean jarri du. Juan Carlos Ramos EHAKko presidentea eta Jesus Mari Agirre eta Sonia Jacinto diruzainak ere inputatu ditu.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!