Marian Beitialarrangoitia Alkateak gutuna bidali die Etxeberriko auzotarrei. Bertan Alkateak bere balorazioa egiten du Oriamendi Kooperatiba eta Hernaniko Udalaren artean dagoen hitzarmenari buruz, eta izan diren ustezko arazoei buruz.
Alkateak dioenez, ´Gobernu taldeak Kooperatibari aukera eskaini zion Alkateak batzarrera azaldu eta proposamenak azaltzeko, baina Kooperatibak ez du beharrezko ikusi; horregatik, egoeraren manipulazio interesatuei aurre eginez, komenigarria iruditu zait zuzenean zuengana jotzea, inolako bitartekaririk gabe`.
´Hitzarmenean bete-behar zerrenda luzea onartu zuen Udalak`
Villa Politena eremuko urbanizazio berriaren kaleko sarrera egiteko, Udalak 50 m2ko lur-eremua okupatu behar zuen, Oriamendi Kooperatibarena zena. ´Lur-eremu hori desjabetzeko prozesua erraza, laburra eta zenbateko txikikoa izan zitekeen, baina aurreko Udalak bete-behar zerrenda luze bat onartu zuen, sinatutako hitzarmenean. Bete-behar horietako batzuk ondorio ekonomiko neurriz gainekoak dituzte eta beste batzuk praktikan bete ezinak dira`. Bestelako arazoak ere aipatzen ditu Beitialarrangoitia Alkateak gutunean.
Egungo Gobernu taldearen jarrera
Gutunak dioenez, egungo Gobernu taldearen jarrera ez da besterik gabe aurreko Udalak egindakoaren aurka joatea, kudeaketa legezko, garden eta eraginkorraren aldeko konpormisoa baizik, herriaren interesen alde eginez. ´Horregatik ezin dugu hitzarmen hori onartu idatzita dagoen moduan`.
Alkateak dioenez, ´txosten tekniko-juridikoak oinarri hartuta badakigu hitzarmenak deuseztasun-akatsa duela, eta tramiteak hasiak ditugu. Tramiteak bukatzean, Udalak legez aukera izango luke hitzarmena onartu edo atzera botatzeko`.
Etxeberri taldeko bizilagunentzako
eskutitza:
Azken hilabetetan egunkarietan hainbat
albiste eta adierazpen agertu dira Oriamendi Kooperatibaren eta Hernaniko
Udalaren artean sortu den ustezko gatazkaren inguruan; aurreko udalbatzak
hartutako konpromisoak (udalbatzak 2007ko apirilaren 3an onartutako
Hirigintza-hitzarmenean ezarri ziren) betetzeko egungo Udal Gobernu-taldearen
prestasun eza litzateke gatazka horren arrazoia.
Informazio hori eman dutenak
Kooperatibako Zuzendaritza-batzordeko kideak eta aurreko legealdiko Udalbatza
osatzen zuten talde politikoetako zinegotziak izan dira.
Egungo Gobernu-taldeak ez du gai horri
buruzko baieztapen zorrotzik egin orain artean behintzat, Udalak ez baitu
oraindik gaiari buruzko azken erabakirik hartu. Gobernu-taldeak azken
hilabeteetan egin duena izan da gaia tentuz aztertu, beharrezko txosten tekniko
eta juridikoekin, behin eta berriz bilerak egin Kooperatibako Batzordearen
ordezkariekin, arazoen aurrean argi azaldu gure jarrera arrazoitua, eta
egoerari irtenbidea emateko prestasuna agertu, betiere legeak dioena kontuan
hartuta, zentzuz eta udalaren aukera ekonomikoen barruan. Zoritxarrez, izandako
harremanek ez dute espero zen emaitza eman, izan ere 2007ko apirileko
Hitzarmena bi alderdiek onartutako akordio bategatik ordezkatzeko adostasunik
ez da lortu Kooperatibaren eta Udalaren artean.
Era berean, alkate Andrea kideen
batzarraren aurrean agertu eta bere proposamenak azaltzeko aukera eskaini zion
Gobernu-taldeak Kooperatibari. Baina dirudienez, Kooperatibako Batzordeak ez
dio beharrezko iritzi deialdi hori egiteari.
Hori dela-eta, eta egoeraren
manipulazio interesatuei aurre eginez, komenigarria iruditu zait zuzenean
zuengana jotzea, inolako bitartekaririk gabe, gai horri buruzko beharrezko
informazioa emateko, behar bezala uler dadin bai sortu den arazoa eta baita
egoera horren aurrean Hernaniko Gobernu-taldeak defendatzen duen jarrera ere.
Hasierako arazoa
Udalak Oriamendi Kooperatibaren
jabetzako lursailetatik 50 m2
-erabilerarik ez dutenak- okupatzeko beharra izan zenean hasi zen arazoa;
udalak lur-zati hori behar zuen Villa Politena eremuko urbanizazio berriaren
kaleko sarrera egiteko.
Lur-zati horiek eskuratu edo
desjabetzeko prozesua erraza, laburra eta, kasu honetan, zenbateko txikikoa izango
zatekeen. Aurreko Udalak, ordea, Hitzarmen bat sinatzea onartu zuen non
betebehar-zerrenda luzea onartu baitzuen, batzuk neurriz gaineko ondorio
ekonomikoak dituztenak, eta beste batzuk, berriz, praktikan bete ezin
daitezkeenak. Eta hori guztia gutxi balitz, milioi askoko zigor ekonomikoak
ezarri ziren Udalak bere hitza beteko ez balu.
Udalak era horretako hitzarmen
ez-ohikoa eta Hernaniko herriaren interesen aurkakoa onartzeak azalpen bakarra
izan dezake: aurreko gobernu-taldearen hirigintza-kudeaketa txarra edo
hauteskunde atarian sinatutako hitzarmena izatea.
Ez gara gu bakarrik orain neurrigabeko
hitzarmen hori kritikatzen dugunak, bere garaian, PSE, PP eta E.B. alderdiek
ere kritikatu baitzuten.
Arazoaren beste alderdi batzuk
Hitzarmenak bi arazo mota nahastu zituen, beren artean
zerikusirik ez dutenak. Alde batetik lursail batzuk okupatzeko baimena lortzeko
Udalaren beharra; eta bestetik Oriamendi Kooperatibak egin duen bidezko
aldarrikapena, Udalak kontuan har ditzan Auzoak dituen arazoak. Aspaldiko
arazoak dira eta horien jatorria ez da Villa Politena eremuaren urbanizazioa.
Bi gai horietako bakoitza banaka aztertu eta konpondu izan
balitz, Hitzarmena ez litzateke arazoa izango gaur.
Esan nahi dudana da
alde batetik lursailen okupazioa aztertu beharko litzatekeela, bidezko
balorazioa eginez, legeek aurreikusitakoaren arabera; eta bestetik Oriamendi
Kooperatibarekin adostu beharko lirateke, beste Auzo Elkarte batzuekin egiten
den moduan, auzorako hobekuntzak, udalaren inbertsio-programen arabera,
premiazkotasunaren eta arazo-motaren arabera.
Egungo Gobernu-taldearen jarrera
Hitzarmenari eta Kooperatibaren aldarrikapenei dagokienean
Egungo gobernu-taldearen jarrera ez da
besterik gabe aurreko Udalak egindakoaren aurka joatea, kudeaketa legezko,
garden eta eraginkorraren aldeko konpromisoa baizik, Hernaniko herriaren
interesen alde eginez.
Horregatik ezin dugu Hitzarmen hori
onartu idatzita dagoen moduan.
Lege-balioa 7.000 € baino gutxiago duen
50 m2ko lursaila okupatzeagatik Udalak lehendabizi 2.500 € ordaindu behar
izatea (Kooperatibaren abokatu-gastuetarako), ondoren 2.000.000 € inguruko
balioa duten obrak egitea, eta azkenik 150.000 € eta 100.000 € baino gehiagoko
kalte-ordainak ordaintzeko mehatxupean geratzea ez da justifikagarria.
Era berean, ezin da justifikatu
Hitzarmen horrek ezarritako obligazioak betetzeagatik Udalak aukerarik ez
izatea beste auzo batzuetako premiak betetzeko, horietako batzuk Etxeberrik
izan ditzakeenak baina premiazkoagoak.
Ezin da justifikatu azken unean Oriamendi Kooperatibako ordezkariek atzera
egiteagatik Udalak bere gain hartu behar izatea Villa Politena Bestizan-La
Cumbrerekin elkartuko lukeen bidearen tarte berri bat egiteko ardura. Obra hori
ez da beharrezkoa, ez baita irtenbide eraginkorra Etxeberri auzoko trafiko- eta
aparkaleku-arazoak konpontzeko. Bestizan-La Cumbre auzoko trafikoaren
funtzionamenduan kalteak eta arazoak sortuko lituzke. Gainera, Udala 112.000 €
aurreratzera behartzen du, premia handiagoa duten beste obra batzuk alde batera
utzita.
Egungo Udal Gobernu-taldea prest dago okupatu nahi den lursailaren bidezko
prezioa ordaintzeko, betiere legeak dioenaren barruan, eta baita Etxeberri
auzoak pairatzen dituen arazoei buruz Oriamendi Kooperatibako ordezkariekin
hitz egin eta auzo horretan Udalak egin beharreko esku-hartzeei buruzko erabaki
bat hartzeko ere.
Egungo egoera
Egungo Gobernu-taldeak
Oriamendi Kooperatibako ordezkariak konbentzitu nahi izan ditu aurreko
hitzarmena baliorik gabe utziko lukeen hitzarmen bat sinatzeko. Aipatu
ordezkariek erantzun dute akordio horretara iristeko Udalak negozia ezinak
diren bi obligazio hartu behar dituela bere gain: lehenengoa trenbide azpiko
pasabidea txukuntzea, eta bestea Villa Politena kalea eta Bestizan-La Cumbrekoa
lotzen dituen bide-tartea eraikitzea. Udalak lehenengo betebeharra bakarrik
onartu du, eta ondorioz, Kooperatibako ordezkariek amaitutzat eman dute
Udalarekin zuten negoziazio-prozesua, eta era berean, sinatutako Hitzarmena
betearazteko erabakia adierazi dute.
Txosten tekniko-juridikoak
oinarri hartuta badakigu Hitzarmenak deuseztasun-akatsa duela, legeak eskatzen
dituen izapide eta formalitateak bete gabe sinatu baitzen. Hori dela eta,
2007ko abenduaren 5ean, Hitzarmenarekin ados ez egon arren, Alkatetzak egoerari
irtenbidea ematea proposatu zion Udaleko Hirigintza Batzordeari, horretarako
espedientea izapidetuz, eta era horretan, izapideak amaitzean, Udalak aukera
izango luke Hitzarmena onartu edo atzera botatzeko legearen barruan.
Hemendik gutxira,
beharrezko txosten teknikoak izandakoan, izapidetze-prozesua hasiko da
Hitzarmena jendaurrean erakusgai jarriz.
Amaieran, Udalak
Hitzarmena ez onartzea erabakiz gero, Udalbatzaren erabakia ezezteko izapideak
hasiko dira, eta era berean, lursailaren desjabetze formala egingo da.
Azkenean Udalak
Hitzarmena onartzen badu, bertan idatzita dauden baldintzak onartuko ditu.
Egoerari irtenbidea emateko egungo
Gobernu-taldeak egin ditzakeen proposamenak
Etxeberri auzoari hau eskaintzeko prest
gaude:
-
50 m2ko lursaila okupatzeagatik bidezko
prezioa berehala ordaintzea; udalak egindako balorazioen arabera, zenbatekoa
6.811€ da.
-
ADIFek baimendutako hobekuntzak
egitea (argiteria, semaforoak, eta abar) trenbide azpiko pasabidean 2008.
urtean zehar.
-
Villa Politena parkea urbanizatu
eta egokitzeko obrak egitea 2008an; obra horien artean daude parke horren eta
Etxeberri auzokoaren arteko lotura ona izateko beharrezko obrak (sarrerak,
eskailerak, eta abar).
-
La Cumbre auzoa
hiritartzeko obrak amaitu eta gero, Etxeberri auzoko Urbanizazioa Eraberritzeko
Proiektuko (dagoeneko idatzia dago) obrak hastea 2009an.
-
Auzoan bizi direnentzat aire
libreko aparkalekua eraikitzeko aukera aztertzea 2008an, obra aipatu
proiektuaren barruan sartu ahal izateko; aipatu aparkalekua frontoiaren
aurrealdeko zelaigunearen zati batean egin daiteke, baina hori Kooperatibarekin
eztabaidatu behar da.
-
2008an egingo den AASSen Testu Bateginaren
idazketan kontuan hartzea Etxeberritik gertu trenbide azpian bide bat (bidea
eta espaloiak) eraikitzeko aukera, eta baita egungo lurpeko aparkalekua
handitzeko obrak egiteko eskubidea Kooperatibari emateko aukera ere, frontoi
azpian handituz edo, horrela erabakiz gero, solairu bat gehiago eraikiz.
AGURRA
Hernaniko Udaleko
egungo Gobernu-taldeak uste du arazoa ezin dela enkistatua geratu Kooperatibako
ordezkariekin ulermen batera iristeko ezintasunagatik, eta hemen aurkeztutako
planteamenduekin aurrera egiteko borondate sendoa du.
Nolanahi ere, beste
behin diogu prest gaudela Etxeberri auzoarekin hitz egin eta informazioa ematen
jarraitzeko elkargune batera iritsi ahal izateko, idatzi honetan azaldutako
irizpide eta eskaintzak oinarritzat hartzekotan.
Hernani, 2007ko urtarrilak 12
Marian Beitialarrangoitia Lizarralde
Alkatea