Sardinaren entierroa izan zen atzo eta beltzez jantzita eta negar batean agurtu zituzten herritarrek Inauteriak. Datorren urtean, gehiago.

Kronika - Erredakzioa 2008ko ots. 6a, 01:00

Atzo ilunabarrean eman zitzaion azken agurra aurtengo Inauteriei. Sardina, eguneko protagonista, Plazan hartu eta prozesioan eraman zuten herriko kaleetan barrena, jantzi beltz, negar eta mukizapi artean. Bukatzeko, komitiba tristea plazara itzuli eta ohore guztiekin erre zuten sardina plazaren erdi-erdian. Atzean utzitakoak gogoratzeko une hunkigarria izan zen, aurtengo Inauteriek arrastoa utzi baitute herritarren gogoetan. Txatarra txarangari omenaldia eginez hasi ziren, joan den ostiralean; handik aurrerakoa dena izan da festa, musika, kolorea eta itxura. Azeri Dantza izan da bi egunetan, txikitxoek sekulako aukera izan dute primeran pasatzeko; zer esanik ez gaztetxoek, kontzertuak, jaialdiak eta abar izan baitituzte. Helduek ere, izan dute non entretenitu, esaterako, txarangen atzetik. Batek baino gehiagok eskertuko du atsedenaldia, izan ere, azkeneko asteak gogorrak izan dira farandula mundua maite duenarentzat; hasi Kaldereroekin, ondoren Iñude eta Artzaiak eta bukatzeko Inauteriak. Datorren urtean, gehiago.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!