DENEK dugu, behar izanez gero, odola jasotzeko eskubidea, baina horretarako herritarrek odola ematea beharrezkoa da. Gipuzkoako Odol Emaileen Elkartea buru-belarri dabil lanean odol bankuan odola falta ez dadin eta, Hernanin esaterako, odol estrakzioak egiten dituzte hileko aurreneko asteartean.
2007an Hernanin 724 odol donazio egin dira guztira. Gipuzkoako Odol Emaileen elkarteak kalkuluak eginak ditu biztanleko zenbatek eman beharko lukeen odola beharrak asetzeko. Hernanin nahiko fin bagabiltza ere, oraindik ez gara beharrezko kopuruetara iristen, izan ere, Hernanin urtean 900 odol estrakzio egin beharko lirateke.
Bestalde, azkeneko urteetako joerari begiratuta odol emate kopuruak gorabeherak izan ditu. 2005ean, 747 odol estrakzio egin ziren anbulatorioan; 2006an, 763; eta iaz, esan bezala, 724.
Odol hustutzeak, minbizia eta medikamentuak
Jasotako odola Gipuzkoako Odol Bankura eramaten da eta gaixotasun ezberdinen inguruko azterketak egiten zaizkio lehenik eta behin: hepatitisa, HIESa, Sifilisa edo frantseseria, Paludismoa eta Chagas-a.
Ondoren globulu gorriak, plasma eta plaketak bereizten dituzte, izan ere, kasu bakoitzean bata edo bestea behar izaten da, ez dena batera. Odol hustutzen ari den gaixoak globulu gorriak behar izaten ditu; eta minbizia, leuzemia eta horrelakoetan plaketak behar izaten dira. Plasmaren %80 aldiz, Bartzelonako enpresa batera bidaltzen dute eta bertatik botikak, bakunak eta abar egiten dituzte. Medikamentu horiek gero bueltan etortzen dira.
Plaketak behar
izaten dira gehien
Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak azaldu du plaketekin izaten dituztela arazo gehien. Izan ere, jaso den egunetik aurrera 5 egun besterik ez du irauten kontserbatuta. Opor garai aurretik, Aste Santu aurretik esaterako, estrakzio bereziak egiten dituzte eta odol emaileei teknika berezien bidez (Aferesisa), muga batzuen barruan, ahalik eta plaketa gehien ateratzen saiatzen dira.
Globulo gorriekin eta plasmarekin ez dute hainbeste arazo izaten, izan ere, globulo gorriek 42 egun irauten dute kontserbatuta, eta plasmak, berriz, urtebete eta bi urte artean.
Odola emateko
bete beharreko baldintzak
Odola emateko zenbait baldintza bete beharra daude, besteak beste, honakoak: 50 kilo baino gehiago pisatzea; odola ematerako garaian ahulezia, anemia, intoxikazio sintomak eta abar ez izatea; 18 eta 65 urte artean izatea; 50-110 pultsazio izatea eta hemoglobina kopuru batzuen artean edukitzea.
Informazio gehiago behar izanez gero, www.donantesdesangre.com web orrira jo daiteke. Edo bestela, estrakzioak egiten dituzten egunean Hernaniko anbulatoriora joan daiteke: hileroko aurreneko asteartean, 18:30etatik 20:30etara.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!