gaztE Txokoak dagoeneko otsaileko aisialdi ekintzak aurkeztu ditu. Asteburu honetan, Inauteriak direla eta, lokala apaintzeko aukera izan dute gazteek eta atzo, larunbata, Gazte Txokoan bertan, mozorro bazkaria egin zuten. Bazkarian, mozorro lehiaketa eta hainbat joko ere egin zituzten.
Bestalde, datozen asteetan hainbat ekintza egingo dituzte, asteartetik igandera, bai Gazte Txokoan bertan, bai lokaletik kanpo.
Irteerak eta kirola
Kanpora begira antolatutako ekintzen artean, akuariumera joango dira eta Pio Baroja kiroldegira eskalatzera; frontenis eta futbito txapelketak egingo dituzte eta graffiti tailerra egingo dute. Ekintza hauetan parte hartzeko komeni da aldez aurretik ematea izena.
Tailerrak eta lehiaketak
Lokalean bertan, berriz, hainbat tailer egingo dituzte, besteak beste, sukaldaritza, hiru dimentsiotako koadroak, kandelak, serigrafia eta abar egiten ikasteko tailerrak. Lehiaketak ere egingo dituzte, bingoa eta Bihotz Erdia deiturikoa.
Gazteei gonbitea
Urtarrilean egindako ekintzen inguruko balorazio ona egin dute Gazte Txokoko hezitzaileek. Horregatik 11-16 urte bitarteko gazteak Gazte Txokora hurbildu eta bertako dinamikan parte hartzera gonbidatu dituzte.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!