Elorreta eta Kurutzeberri mendiak, Eskoriatza inguruko mendi ezagunak

Kronika - Erredakzioa 2008ko ots. 3a, 01:00

Mendiriz mendi otsailaren 10ean Elorreta eta Kurutzeberri mendietara irteera egingo du Mendiriz Mendi elkarteak. Ibilbideak Eskoriatza inguruko Zaraia mendizerra ezagutzeko aukera ematen du. Urtean zehar irteera mordoska antolatzen du elkarteak eta hilabetero beren esperientziak eta ezagutza konpartitzen dituzte Kronikako orrialde honen bidez.

Nola iritsi Hernanitik Bertara iristeko A-8 autopista hartu behar da eta Arrasateraino joan. Hemen GI-627 errepidea hartu behar da eta Eskoriatzara joan.

Ibilbidearen deskripzioa
Eskoriatzatik (279 m) abiatu eta maldan gora eginez Aitzorrotz aldera egin behar da. Bidea Agiriano baserriaren ondotik pasatzen da. Gailurreko bidean hamaiketakoa egiteko mahai eta eserlekuak daude paraje aproposean. Aitzorrotzeko gailurra harkaitz bat da. Urrutitik ikusita gaztelu bat dirudi. Harkaitz horren gainean, erdi-erdian, Santa Kruz baseliza dago. Gailur hau Leintz bailaraz gozatzeko talaia ezin hobea da. Bideak Kurutzeberri eta Aitzorrotz mendien artean dagoen bailara inguratzen du. Hori egiteko bailararen muinoak jarraitzen ditu. Baso artean bideak gora egiten du. Iturri batera iristean, norabidez aldatzen da. Hemendik aurrera bideak ipar-ekialdera jotzen du. Basotik atera eta Aranguren mendiaren magalak zeharkatuz, Elorretako gailurrera iristen da. Aurrez aurre Kurutzeberri ikusten da. Bien arteko tarte motza hamar minututan egiten da. Kurutzeberrin indarrak berreskuratu eta paisaiaz gozatu ondoren, behera egin behar da. Tarte labur eta laua egin ondoren, bideak gogor egiten du behera. Hori dela eta, ordubete eskasean iristen da ibilbide bukaerara, Urkulu urtegira, hain zuzen ere, hau ere paraje ederra.

Kontu interesgarriak
Ibilbideak Zaraia mendizerra ezagutzeko aukera ematen du. Inguru hauetan ezagunak dira oso Aitzorrotz (738 m), Elorreta (1.146 m) eta Kurutzeberri (1.113 m) mendiak. Aitzorrotzeko gailurrean Santa Kruz baseliza dago. Gailurrean XII mendean jada bertan zegoen fortifikazio baten arrastoak ikus daitezke. Baselizaren erreferentzia zaharrena 1594 urtekoa da. Gerra zibilean eta Karlistadetan jasandako kalteak konpontzeko 1952an berritu zuten baseliza eder hau. Kurutzeberri gailurrean, berriz, gurutzea dago. Bertan honakoa esaten du:

Kurutze berri, kurutze ona zabaldu izu gure errian pakea eta zoriona. 1.928ko iraila.

Kurutzeberri Elorrreta baino gailur txikiagoa izan arren, inguruan ezagunagoa da, bertatik Deba haranaren eta Urkulu urtegiaren inguruan dauden herrisken panoramika ikusgarriaz gozatzeko aukera ematen baitu. Elorreta eta Kurutzeberri ingurune karstiko batean daude. Honelako lekuetan simak arruntak dira. Beraz, kontuz bertako zuloekin, batzuk sakonera izugarria baitute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!