Te irlandarra Turlach taldearekin

Kronika - Erredakzioa 2008ko ots. 3a, 01:00

Musikari haundiak dira, bakoitzak bere aldetik ibilbide luzea egina zuen Turlach sortu aurretik. Alan Griffin (flauta, ahotsa eta gitarra) 1984an iritsi zen Euskal Herrira eta geroztik hainbat musikari ezagunekin aritu da (Txomin Artola, Amaia Zubiria, Benito Lertxundi, Juan Mari Beltran...). Alboka taldearen sortzaile izan zen, eta talde horren Lau anaiak diskoarekin nazioarteko oihartzuna izan zuen (Folkworld aldizkariak 2005eko hamar folk disko onenen artean sailkatu zuen). Juanjo Otxandorena, Pepe (bouzoukia) Izotz taldearekin plazaz plaza zaildu zen musikan. Donostiako kontserbatorioan goi mailako gitarra irakasle izateko ikasketak eginak ditu eta bere doainak hainbat taldetan erakutsi ditu (batzuk aipatzearren Mal de Ojo, Alboka eta Xabi San Sebastian). Arkaitz Miner (biolina eta mandolina) errenteriarra berriz, hainbat rock taldetan aritu ondoren, trikitixa talde ezagunetan aritu zen (Alaitz eta Maider, Tapia eta Leturia, Imuntzo eta Beloki...). Trikitixaz aparte bestelako taldeetan ere aritua da, hala nola Ruper Ordorika, Rogelio Botanz edo Ken 7-rekin. Elkarrizketa hau egiterakoan bezala, hirurak elkartzen direnean, taldeak Turlach izena badu ere, musikaren magiaz laugarren kide bat (Zigor Sagarna) batzen zaienean, formulak beste izen bat hartzen du: Aintzina taldeko partaideak ere badira hiru elkarrizketatuak.

Nola elkartu zineten?
Arkaitz Miner: Nik banekien Alanek aspalditik jotzen zuela. Azul Cristal tabernan ezagutu nuen, duela hamahiru urte-edo. Taberna horretan blues kontzertuak izaten ziren egun batean, hurrengoan irlandar musika, batzuetan kantua... Alan hor ibiltzen zen. Nire kasuan, gainera, baneukan helburu modura irlandar errepertorioa ezagutzea. Banekien Pepek eta Alanek elkar ezagutzen zutela, elkarrekin jo zutela. Duela hiruzpalau urte Alani deitu nion, esplikatu nion irlandar errepertorioan sakontzeko gogoa nuela eta berari ideia ona iruditu zitzaion. Gelditzen hasi ginen, astean behin goizez. Elkartu, jo, kontu kontari...

Talde modura jotzen hastea zaila izan al zen?
Juanjo Otxandorena: Alanek eta biok errepertorioa egina geneukan. Orain dela urte asko hasi ginen... Alan Griffin: ...lau urte edo...
J.O.: ...igual gehiago ezta? 2002an edo 2003an esango nuke. Kontua da errepertorioa gutxi gorabehera egina geneukala eta Arkaitz interesatu zenean hirurok jo genuen. Ordura arte ere jotzen genuen Alanek eta biok beste abeslari batekin, baina hura Madrilera (Espainia) joan zen. Irlandar musikarekiko zaletasuna geneukan hirurok eta elkartzeko aprobetxatu dugu.
A.M.: Gainera Alanek badu kontaktua hemen bizi diren irlandarrekin eta beraiekin harremana izan dugu: jotzeko elkartu gara, musika nola bizi duten ikusi dugu... Errepertorio komuna dago, denek jotzen dutena. Hiru elkartu gara hemen, bakoitzak bere kezka eta helburu musikalak ditu. Hortik gauzak ateratzen dira, bertako doinuak jotzea, kantu zaharrak... esperimentatzeko gune bat sortu da.

Fusioa eta antzekoak hainbeste entzuten diren honetan, Irlandako musika eta Euskal Herrikoa nahasten al dituzue zuek?
J.O.: Ez dugu hori planteatzen. Musika irlandarra musika irlandarra da, eta euskal musika euskal musika. Norbaitek fusio hori egin nahi badu eta sortzen bada ondo, baina hori ez da gure helburua. Gure musikan nabaritu daiteke nahasketa hori arregloen mailan, guk erabiltzen ditugun instrumentuak Irlandakoak direlako: irlandar flauta, mandolina, biolina eta bouzoukia. Hemengo musika horrelako instrumentuekin jotzen duzunean, euskal musika nolabait hurbiltzen ari zara Irlandakora. Aldaketa formala da, tinbrearena, baina euskal musika den bezala egiten dugu, doinua ez dugu aldatzen.

Turlach izena Tourlough Carolan konposatzailearen izenetik hartu al duzue?
A.G.: Pepe eta Donalekin jotzen hasi nintzenean izen berria jartzea erabaki genuen, desegindako talde batetik gentozelako. Izenez betetako hiru folio aurkeztu nizkien eta esan nien ´hor aurkitzen ez baduzue, gaizki gabiltza`. Pepek ´hau` esan zuen. Turlach-ak Irlandako nire eskualdean agertu eta desagertu egiten diren lakuak dira. Ordu batzuen kontuan desagertzen dira, goizean badaude eta arratsalderako ezkutatu egin dira. Hori gustatu egin zitzaigun, taldea ere horrela ibiliko zelako. Kasualitatez hitz bera XVII. eta XVIII. mendeetako irlandar artista ezagunenaren izena da. Hasi ginenean bere pieza gehiago jotzen genituen, orain pixka bat baztertuta dauzkagu eta beharbada berriro hartu beharko genituzke. Izena erraza izango zela pentsatu genuen, baina jendearentzat ez da...
J.O.: Jendeak ´Turlatx` ahoskatzen du. Ez da horrela esan behar, ´Torlokh`-en antzeko zerbait ahoskatu beharko litzateke.

Nolakoa da zuen kontzertu bat?
A.G.: Beharrezkoa bada kontzertu bat eman dezakegu, gutxi gorabehera gaitasun hori badaukagu, errepertorioa prestatu eta aurkezpen batzuk egin ditzakegu. Baina tabernetan jotzen dugunean kontzertua baino, musika saioa egiten dugu, Irlandako estiloan. Musikariek jo egiten dute; jotzeari uzten diotenean edan eta hitz egin bizpahiru minutuz, eta berriro hasten dira. Ez dute txalorik espero, ez da kantarik presentatzen, inork ez die kasu haundirik egiten... [taldekideak barrez hasi dira].
J.O.: Horrela da eh! [Barrez jarraitu dute].
A.G.: Tira, bai, jendeak entzuten du baina ez dago kontzertu girorik.
A.M.: Jendea ez dago isilik entzuten, bere bizimodu normalean dago, hitz egiten...
J.O.: ...eta txaloak egon badaude, baina batzuetan bakarrik ezta? -galdetu dio Alani. A.G.: Normalean arreta haundiagoa jartzen duen jendea ere badago eta txaloak egoten dira, baina oso erlaxatuta egoten dira denak. Horregatik ´kontzertu` hitza ez zaigu hainbeste gustatzen.
A.M.: Kontzertu batean zuk atentzioa eskatzen duzu. Areto batean zaude, jendea isilik... Ez da gure kasua.

Reel-ak, hornpipe-ak eta jig-ak daude jotzen dituzuen piezen artean. Irlandan ezkontzetan jo ohi diren piezak direla ulertua daukat.
Festa giroa jartzea duzue helburu?

A.G.: Horiek dantzak dira, baina edozein egoeratan jotzeko balio dute, ez ezkontzetan bakarrik. Irlandan musika ez dago egun seinalatuetara lotuta: ez dago gabon kantarik, ezta bestelako festekin lotutako kantarik ere, dena da posible edozein egunetan.
J.O.: Hemen fandangoa eta arin-arina bezala orduan?
A.G.: Hori da.
J.O.: Ari garenez galdetu egingo dizut -Alani-: hemen omenaldietarako jotzen den aurreskua edo Agur Jaunak-en tankerako ezer ez al dago, protokoloren bati lotuta? A.G.: Ez, oso informalak gara, gertakari berezien zentzua ez daukagu oso garatua.

Eskualde batetik bestera ere musika aldatu egingo da. Irlandako zein lurraldetakoa jotzen duzue zuek?
A.G.: Flauta jolearen aurreiritziek badute zeresana horretan.
J.O.: Zure konterrira eramaten gaituzula, alegia... [barre egin dute berriro].
A.G.: Pixka bat bai. A.M.: Flautaren errepertorioan esan nahi duzu?
A.G.: Hori ere bai, baina batez ere Clare-eko errepertorioa jotzen dugula esan nahi nuen.

1960ko hamarkadan Irlandako musikaren revival garrantzitsua egon zen The Dubliners bezalako taldeekin. Oraindik aretoak betetzen dituzte jotzen duten lekuetan. Nabaritzen al duzue jendeak ezagupen hori baduela?
Nolakoa da zuen entzulegoa?

A.M.: Baten batzuk igual bai, baina...
J.O.: Gehienek ez dute musika irlandarra asko ezagutzen. Zer edo zer ezagutzekotan The Pogues izango dute entzuna.
A.G.: The Chieftains beharbada...
J.O.: ...bai, The Chieftains ezagunagoak dira. A.G.: Eta The Coors! [Barrez hasi dira].

Munduan oso zabaldua dago irlandar musika, besteak beste, emigrazioarengatik.
A.G.: Orain dela hamabost urtera arte asko emigratzen genuen. Milioiak eta milioiak gaude munduan: 45 milioi lagunek diote irlandarrak direla Amerikako Estatu Batuetan, Ingalaterran beste bi milioi lagun... horrela mundu osoan. Ingelesez hitz egiten den herrialde guztietan neurri bateko irlandar kultura duen jende asko dago. Lehen etxeko sukaldean jotzen zen musika eta dantza ere hor egiten zen. 1940 eta 1950eko hamarkadetan zera gertatu zen Ingalaterran: hara iritsi ziren irlandarrek ez zeukatela non bildu jotzeko, tabernetan baino. Elkarrekin jotzearenak orduan hartu zuen indarra, aurretik ez ziren instrumentu asko batera aritzen. Hitz gutxirekin lortu zuten akordioa, asko antolatu gabe gertatu zen: instrumentu guztiek bolumen bera izan behar zutela erabaki zuten, tonalitate berean egon behar zutela eta errepertorio komuna osatu behar zela, musikariek elkarrekin jo ahal izateko. Horren fruitua da gaurko Irlandako egoera: Arkaitz eta Pepe nirekin etor daitezke Irlandara eta saio batean musika jotzen aritu ia gau guztian. 500 eta 1.000 pieza arteko errepertorio komuna dago eta mundu guztiak ez ditu denak ezagutzen, baina oinarri hori jarrita dago. Badakizu zure instrumentuak lagunen tonu berean egongo direla afinatuta. Erraza da irlandar musika joz gero, hemendik Frantziara joatea -guk egiten dugu- eta jende ezezagunarekin aritzea. Beste kultura musikaletan zailagoa da.
J.O.: Hemen ezin da hori egin. Elkartzen badituzu trikitilari bat, txistulari bat, dultzainero bat... bakoitza tonu desberdinean dago, ezin dute denek batera jo.
A.M.: Eta bolumena ere desberdina da. Hemen egin izan da nolabaiteko uztarketa, baina ez Irlandan egin dutena bezain sakona. J.O.: Hemen ez dakit zer daukagun: trikitilariak esparru batean mugitzen dira, txistulariak beste batean... oso sakabanatuta gaude.
A.G.: Irlandan soinu asko ateratzen duen instrumentu bat edukitzea, seinale haundikoa, gaita bat-edo, legenarra edukitzea bezalakoa da. [Barrez hasi dira denak]. Benetan, horrela da! Inork ez zaitu nahi!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!