Unai Fano ez dute atxilotu; Polizia Nazionalak bere etxea miatu zuen astelehenean

Kronika - Erredakzioa 2008ko ots. 6a, 01:00

Atzo hedabideek eta informazio agentziek jakitera eman zuten Unai Fano hernaniarra atxilotu egin zutela, eta Kronikan ere hala agertu da. Ondoren jakin ahal izan denez, Unai Fano ez dute atxilotu. Horrekin batera, jakin ahal izan da astelehen gauean Polizia Nazionalak bere Hernaniko etxea miatu egin zuela, baina Unai Fano ez zutela bertan aurkitu.
Hedabideek zabaldu dutenez, Unai Fano atxilotzeko agindua eman du Baltasar Garzon epaileak, `erakunde terroristako kide izatea` eta `delitua errepikatzea leporatuta, Batasunaren izenean aritu izanagatik, hau legez kanpo egonda`. Antza denez, epaileak frogatzat erabili du joan den larunbatean Iruñean Loiolako negoziazioei buruzko hitzaldian parte hartu izana, Pernando Barrena eta Patxi Urrutiarekin batera. Azken bi hauek atxilotuak izan ziren astelehenean.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!