Amaia-Aimarren borroka gogoratu eta eskertuko dute gaur, Sandiusterri aretoan, arratsaldeko 19:00etan hasiko den emanaldian. Amaia-Aimar zenaren senitarteko eta lagunek hartuko dute parte, Ornitorrinkus taldeak (Judith Montero, Maialen Lujanbio eta Xabier Erkizia) kanta batzuk eskainiko dituzte eta 2 film dokumental ere izango dira: The Birthday, holandarra, Negin Kianfar eta Daisy Mohr-ek zuzendua; eta Vestido Negro, Sergi Perezek zuzendua. Emanaldia antolatu dute Berdintasun Kontseiluak, Herne Neska Taldeak, Udaleko Berdintasun Sailak eta Zinegoak-ek.
Nahi dena izateko eskubidea
Gaurko emanaldiaren helburuetako bat da gizarteak jartzen dituen trabak azaltzea, horiek hausteko bidean jarraitzeko. ´Oraindik ere, gure gizarteak arazo asko eta latzak sortarazten dizkie transexualei, normaltzat jotzen denetik at egoteagatik`, antolatzaileek azpimarratu dutenez. Joera sexualetan aurrerapausoak eman direla nabarmendu arren, pertsonak gizon eta emakume kategoriatik haratago ulertzea, oraindik ere zail egiten dela diote, ´gizontasuna eta emakumetasuna kaja itxiak dira, eta jendeak horietako bat ematen digu, jaiotzean ditugun genitalen interpretazioa dela medio`. Horren aurrean norberak nahi duen modukoa izateko eskubidea aldarrikatuko dute gaurko emanaldian.