Atzo hasi ziren Txartel bakarraren deskontuak, Lurraldebuseko autobus guztietan. Hernanin Garayar eta Areizagako autobusak (Urdina eta Gorria) daude egitasmoaren barruan eta txartel bakarrarekin autobus bidaia dezentez merkeago izango da. Adibide moduan, Donostiara bidaia 0,66 eurotan egin ahal izango dute erabiltzaileek, hilabeteko lehen 40 bidaietan. Hilean bidaia gehiago egiten dituenari, 41-70 artean, 0,33 euro kostako zaio bidaia bakoitza; eta 71garren bidaiatik aurrerakoak 0,11 euro. Deskontuak izateko, txartela egin behar dute erabiltzaileek: egunkariak saltzen diren tokietan inprimakia hartu, bete eta horrekin batera argazki bat aurkeztu behar du eta bost egunetan emango diote. Txartela kargatu egin beharko du bukatu ahala. Txartela egiten ez duenarentzat biletearen prezioa 1,25 eurokoa da.
Gaueko bileteak lehen bezala
Gaueko zerbitzuak ez du beherapenik izango autobusetan. Esaterako, Hernani eta Donosti arteko biletea 1,50 euro kostako da.