Bozeramaile Batzordea bildu zen astelehenean Udaletxean, eta bertan torturaren aurka onartutako mozio bat izan zen (EAJ, EA eta EB-Aralarren aldeko botoekin, EAE-ANVren abstentzioarekin eta PSE-EE eta PPren kontrako botoekin). Beste mozio bat ere izan zen Bozeramaile Batzordean torturaren aurka, herritar batek aurkeztua. Mozio honek EAE-ANVko ordezkariaren aldeko botoa izan zuen eta gainerako talde guztien kontrakoa, eta ez zen aurrera atera.
Tortura sistematikoa
Atzera botatako mozioak dio Espainiako Estatuan tortura sistematikoa dela. Igor Portu eta Mattin Sarasolaren egoerak salatzen ditu eta gogoratzen, 1978tik aurrrea 7.000 euskal herritar baino gehiagok salatu dituztela «Guardia Zibila, Espainiar Polizia Nazionala, edota Ertzaintzaren eskuetan jasandako torturak». Mozioak dio, Guardia Zibilak ´PSOEren gobernuaren aginduz` torturatzen duela ´espainiar kongresuak onetsitako inkomunikazioa erabiliz` eta ´espainiar segurtasun indarren jarduera irmoa eskatzen denean, espainiar justiziaren jardunari babes osoa agertzen zaionean` torturari bidea irekitzen zaiola. Mozioak zazpi puntu ditu, besteak beste, Portu eta Sarasolak jasandako torturak salatzea; tortura kasu honen atzean dauden ardurak adierazi eta salatzea; kasu honetan PSOEko gobernuak azaldu duen jarrera salatzea; inkomunikazioaren amaiera eta Auzitegi Nazionala desagertzea.