«Inauterietako saltseroak» omenduz hasi zituzten umeek atzo Inauteri jaiak

Kronika - Erredakzioa 2008ko ots. 2a, 01:00

dagoeneko ailegatu dira Inauteriak herrira. Atzo eman zitzaien hasiera ofiziala Gudarien Plazan egindako ekitaldiaren bidez. Bertan, Txatarra txarangari omenaldia egin zioten ikastetxeetatik bildutako umeek. Omenaldian Txatarra txarangako kide ezagunak izandako zazpi lagun bildu ziren, oroigarri bana eman zieten eta beraientzako moldatutako honako sarrera zuten bertsoak kantatu:


Txatarreroak betikoak
Inauterietako saltseroak.
tronboiarekin
tronpetarekin,
txindata, saxo
danborrarekin.


Kalejira, txarangekin
Ondoren, plazan bildutako jendeak Artillero, dale fuego... kantatu eta Kardaberaz kalean behera abiatu ziren umeak Urumea Ikastola eta Lagunak txarangekin batera. Zinkoeneatik pasata, Kale Nagusian gora igo ziren Plazara. Kalea jendez bete zen, han elkartu baitziren ume, irakasle, guraso eta lagunak.

Euskodiskoteka
Arratsalde partean erraldoien eta buruhaundien konpartsa ibili zen Hernaniko kaleak alaitzen, Kriskitiña dantza taldearekin batera. Gaztetxoek Inauteriak dantzan eta mozorrotuta hasi zituzten atzo, eta baita jarraitu ere, izan ere, Euskodiskoteka izan zuten Plaza Berrin, eta gozatu ederra hartu zuten.

Gaur mozorro festa Tilosetan

Larunbata izanik gaur egun osoko jaia izango da Hernanin. Eguna ondo hasteko Azeri Dantza izango da goizeko 10:00etan, jaiki berriak esnatzeko eta erretiratu ez direnak berotzeko. 11:00etatik aurrera Betikoak txaranga ibiliko da herrian barrena eta 12:00etatik aurrera Benta zaharreko  mutiko alaiak taldea.
13:00etan  erraldoi eta buruhaundien konpartsa abiatuko da Kriskitiña dantza taldearekin batera. Arratsaldean Benta zaharreko mutiko alaiak taldea izango da berriro 17:30etatik aurrera, eta 18:00etatik aurrera Betikoak txaranga. Gauean ere ibiliko dira  00:00etatik aurrera.

Poniak eta zezen txikiak
Umeek ere izango dute non entretenitu. Goiz partean, 11:30etatik aurrera, poniak eta zezen txikiak izango dituzte Latsunbe auzoko kirol pistan eta arratsaldeko 17:00etan Azkona taldea Atsegindegi plazan.
 
Mozorro festa Tilosetan
Ilunabarrean, 19:00etatik 20:00etara mozorro festa egingo dute gazteek Tilosetan (euria eginez gero, Atsegindegin). Helburua gazteek musikaren inguruko ekitaldi bat prestatzea da, sortzaile bilakatzea. Horregatik ekitaldia gazteek antolatu dute goitik behera: aurkezlea, parte hartzaileak, ikuskizunak, sariak eta abar.  yy

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!