Txatarra txarangari omenaldia eginez hasiko dira aurtengo Inauteriak Hernanin. Aspaldikoa da Txatarra txaranga. Urteak eman dituzte Hernaniko bazterrak alaitzen, horregatik, gaur ongi merezitako omenaldia jasoko dute. Omenaldiaren ondoren, ikastetxeetako umeak aterako dira Urumea ikastola eta Lagunak txarangekin batera eta plazan eta herriko kaleetan barrena ibiliko dira mozorrotuta, dantzan eta kalejiran. Inauteriak gaur hasi eta asteartera arte luzatuko dira Hernanin, eta azken urteetako ohiturari segiz, gazteenentzako ekitaldiek osatuko dute egitaraua.
Euskodiskoteka Plaza Berrin
Arratsaldean, 17:00etatik aurrera, erraldoi eta buruhaundien konpartsa ibiliko da herriko kaleetan eta hauekin batera Kriskitiña dantza taldeko dantzariak. Gazteek festa jarraitzeko aukera izango dute, Plaza Berrin arratsaldeko 17:30etatik aurrera; izan ere, Euskodiskoteka izango da bertan.
Bihar, Azeri Dantza
Bihar hernaniarrek hain estimatua duten Azeri Dantza izango da goizeko 10:00etatik aurrera. Hortik aurrera dena izango da festa eta kolorea.
Xanti Zubeldia: «Jendea gu noiz aterako
zai izaten zen»
Beti txaranga aurrean, keinu eta planta ederrarekin, txarangaburu, nahiz eta musika tresnarik jo ez. Nork ez du ezagutzen Xanti Zubeldia? Salsero izena esanez gero, dena esana dago.
Zenbat lagun joango zarete omenaldira?
Seguru ez dakit baina bost bat. Han izango gara noski Kixki, Pako, Kepa eta ni neu, Salsero...
Izen zelebreak dituzue!
Eta esango ez dizkizudanak! Bakoitzak izen bat genuen.
Salsero zergatik?
Orain Kixkal taberna dena lehen farmazia zen. Sagardotegitik bueltan ginela, bidean harrapatutako sugandila zirrikitu batetik farmazian sartu nahian nenbilen eta norbaitek esan zidan: Hi, salsero! eta horrelaxe izan zen.
Zenbat urte dira txarangarekin hasi zinetela?
Ez banago oso oker, 1964ko ekainaren 25ean hasi ginen, Sanjoanetan. Ordurako Beti Ona eta Beti Lagun txarangak baziren eta gu hasi ginen.
Zergatik Txatarra izena? Umorea jartzeagatik, besterik gabe.
Ondo jotzen al zenuten?
Beharko, bestela ez genuen kobratzen. Ni espektakuluaz arduratzen nintzen, Kixkik jeneralean bonboa jotzen zuen, Lujanbiok txindata, Pakok ere txindata eta Konejok danborra, txindata... Beste musikoak kontratatuak izaten ziren; Zalakain Pipasen bitartez deitzen genien eta ia beti berak etortzen ziren.
Eta ondo kobratzen zenuten?
Bai, ordaintzen zutenean bai. Baina askotan herriko edozein ekitaldietan parte hartzen genuen, sosik jaso gabe. Bazkaria ematen ziguten, arropa, alpargatak...
Goizean hasten zineten?
Bai, lehen goizeko 10:00etan jendea gu noiz aterako zain izaten zen, eta egun osoan ibiltzen ginen. Behin baino gehiagotan egin dugu, goizeko 04:00etan ohera sartu eta 06:00etan jaiki. Orain gauez egiten da dena, lehen egunez festa haundia izaten zen.
Elementu ederrak zineten!
Bai, elementu ederrak. Garai batean neska kuadrila ere atera zen, hantxe ibiltzen ziren, gurekin batera musika jotzen.
Txaranga batean ibiltzeko umore berezia behar al da?
Jakina, berezia, bai. Lotsa gutxi eta umore handia. Sanjoanetan aste osoan ibiltzen ginen; Bar Joxe Marin egiten genuen dena, gosaldu, bazkaldu... dena.
Jantzi berezirik bazenuten?
Ezagunena marineroarena izan da. Inauterietan, berriz, mozorrotu egiten ginen.
Zein pieza jotzen zenituzten?
Beti pieza berak ziren: pajaritos, pasodobleak... betiko errepertorioa.
Omenaldian hitz egingo bazenu, zer esango zenuke?
Gora Hernani!!!
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!