«Lantegi guztiei ezartzen zaizkien baldintzez gain, Papelerak baldintza are zorrotzagoak ditu eta betetzen ditu»

Kronika - Erredakzioa 2008ko urt. 31a, 01:00

Ingurumenerako Baimen Integratua berritzen ari dira herriko hainbat enpresa, Eusko Jaurlaritzak hala aginduta, eta horretarako baldintzak dezente zorroztu eta ingurumen plan integratua berritzea eskatu die. Horretan da, besteak beste, Zikuñagako Papelera ere, eta plan integratuari buruzko azalpenak eman, herritarren kezkak jaso eta galderak erantzuteko, papelerako teknikari bat izan zen atzo Udaletxean. Gaur ere bertan izango da, goizeko 09:00etatik 13:00etara.
Zer egiten da zehazki Zikuñagako papeleran? Paper pasta eta Kraft paper txuritua. Bi produktu eta bi prozesu ezberdin. Ba al dago arrisku berezirik enpresa honetan? Depurazioari dagokionez, garai batean errekara joaten zen zikinkeria orain depuradorara joaten da; tximinietako keari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak neurgailuak ditu jarriak tximini bakoitzean; zaratari dagokionez, hauek murrizteko plana egin da. Ez dago aparteko arriskurik. Kontrola egon badago, baina gero neurriak hartzen al dira? Bai, betetzen dira. Orokorrean lantegi guztiei ezartzen zaizkien baldintza generikoez gain, papelerak berak baldintza are zorrotzagoak ditu eta betetzen ditu. Zein da zehazki zure lana? Ni Novotec kontsultorako langilea naiz; Papelerak kontratatutako kontsultora. Eusko Jaurlaritzak exijitzen digu hemen egotea, erakusketa publiko hau egitea. Guk dagoen informazioa jaso eta erakutsi egiten dugu, bai Jaurlaritzari, bai herritarrei. Ni bi egunetan izango naiz, baina espedientea hilabete batez egongo da Udaletxean ikusgai eta alegazioak egin daitezke. Europako araudiak zer suposatu du enpresarentzat? Baldintza zorrotzagoak dira eta bete egin behar dira; Papeleraren kasuan bete egiten dira. Lehen ere, zeuden baldintzak betetzen ziren, baina orain aldatu egin dira; lehen isurien, kearen, zarataren eta abarren inguruko baimen ezberdinak zirenak orain baimen bakar batean bilduta daude, Ingurumen Baimen Bateratua esaten zaiona. Gaiaren jarraipenik egiten al da edo baimen puntuala da? Bai, jarraipena egiten da. Jaurlaritza da gainera baldintzak eta datak jartzen dituena. Jende asko espero al duzu? Oraingoz jende gutxi etorri da, Zikuñagako auzokide batzuk, besterik ez. Zein eratako galderak egiten dizkizute? Beraiei zuzenean eragiten dieten kontuekin etortzen dira; etorri direnen kasuan, zarata. Galderak baino, kexak ekartzen dituzte. Zer gertatzen da gero galdera eta ekarpen hauekin, bideratzen al dira inora? Kontsulta guztiak, enpresari bidaltzeaz gain, Jaurlaritzari bidaliko dizkiot, eta gero Jaurlaritzak enpresari; neurriak bete arren, bizilagunak kexu badira, neurriak hartzera behartu dezake. Eta usainaren inguruan zer? Horixe da zailena neurtzen; ez dago araudirik usainen inguruan. Zaila da neurtzen, zaila kontrolatzen... Usaina egurrarekin lan egiten delako da; Errenteriako papeleran paperarekin egiten dute lan egun, ez egurrarekin, eta ez dago usainik. Hernanin produktu kimikoak erabiltzen dira, baina horrez gain egurrarekin lan egiten da eta hori da usain txarra sortzen duena.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!