Isabel Zubillaga anderea,

Kronika - Erredakzioa 2008ko urt. 29a, 01:00

Isabel Zubillaga anderea, Zure idazkian esaten didazuna ondo baino hobeto dakit. Nik ere hori dena ezagutu dut eta zenbait gauza pairatu. Hor esaten duzunetik sufritu ez dudana, adibidez, soldaduskarena da. Soldaduska egin nuenean gaztelera inork baino hobeto menderatzen nuen. Nire arazoa garai hartan kontrakoa zen: toki askotan lotsatuta eta tontoa bezala isil-isilik adarjotzeak aguantatu beharra, euskaraz bi hitz segidan esateko gai ez nintzelako. Nire modua ez zaizu atsegin, eta arrazoi izan dezakezu. Nik ere baditut nire dudak. Baina, dena den, Hernaniko PNVri idatzitakoa ez dut uste gogorra izan zenik, eta, hala ere, Amonarraizek ez zuen kasurik egin; bigarrena bai, gogorra izan zen. Zergatik? Gure PNVko ordezkaria ez zelako gizon bezala portatu: aurrenekoari ez adituarena egin ziolako. Konturatuko zinen, noski, beste askok ere erdaraz idazten dutela Kronika honetara, eta isilik geratzen naizela. Diferentzia bat baitago eta oso inportantea, nire ustez: Amonarraiz jauna PNVko ordezkaria dela, euskaldunak defendatzeko sortu zen alderdi politiko bateko ordezkaria, eta Franco hil zenetik (urteak dira, gero!; eta urte hauetan PNVko zenbatek ikasi ote du ingelesa!) alderdi hori egon dela agintean, eta ez dut ikusten euskarari maitasun handirik erakutsi dionik. Ikustea besterik ez dago euskaldunen hiriburu handienean euskara pitorik inporta ez zaion alkatea daukatela gobernatzen. PNVk denbora nahikoa izan du euskara sendabidean jartzeko, baina, hara non gauden oraindik! Azkenean euskaldunak gara beti galtzaile eta Job-i baino pazientzia handiagoa eskatzen zaigu. Dena den, borondate ona aitortu nahi dizut eta zure besarkada jasotzearekin beste bat igortzen.
Enrike Larrarte Arregi

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!