Iruñan egindako deklarazio batzuen harira, Audientzia Nazionalean deklaratu duzu. Epaileak artxibatu egin du kasua, baina fiskalak errekurtsoa aurkeztu du. Gain-gainetik, zer irakurketa egiten duzu?
Lehendabizi eta behin ez nuela zertan Madrilera joan beharrik, baina aldi berean ikusita azken helburua ezker abertzalea kolpatzea eta joko politikotik kanpora uztea dela, sorpresa gutxi izan dugu. Epailearena hartu zezakeen erabaki zentzuzkoena izan da; hor ez zegoen ezer leporatzeko eta artxibatu egin du. Argi neukan fiskalak errekurritu egingo zuela, bezperan horrelako alarma soziala sortzen nuela argudiatuta, kasua bere horretan ezin baitzuen utzi. Azken helburua titular bat lortzea zen `Neurriak hartu dira Hernaniko alkatearen kontra`, ANVren aurkako lehen pauso bezala. Fiskala nire adierazpen horietatik esaldi batekin geratu zen hasieran, eta orain beste esaldi batzuetara joan da, eta baten faltan, bi akusazio egiten dizkit. Bigarrenaren inguruan fiskalak galdetu zidan nik akusatu egiten nituela poliziak torturatzeaz. Nik esan nion kritika politikoa egin nuela, zantzuak baino gehiago badaudelako ez kasu batean ez bitan, baizik dezentez gehiagotan, Euskal Herrian.
Beraz, hau ez da bukatu?
Honek oraindik soka luzea izan lezake, interes politikoagatik. Orain erabakia hartu behar duten hiru epaileek, legea eskuetan, artxibatu egin beharko lukete Pedrazek bezala, baina batek daki zer egingo duten. Espainiako justiziatik eta Auzitegi Nazionaletik oso gutxitan datozkigu berri onak euskaldunoi. Ezker Abertzalea eta independentziaren aldekoen aurkako erasoa garbia da. Esaten da arlo politikoan egin behar dela independentziaren aldeko borroka eta guk hala egiten dugu, baina arlo politikotik berak atera nahi dute, esaten dutenaren aurka. Zerbait eraiki nahian dabiltza ezker abertzalea kanpoan uzteko. Eta eraikitze lan horretan zenbat eta etxe haundiagoa egin nahi, orduan eta adreilu gehiago jarri behar dira; eta horretan ari dira. Argi daukagu erabaki politikoa hartua dagoela: EAE-ANV hauteskundeetan ez egotea.
Madrildik etorri berritan jasotako babesa azpimarratu zenuen.
Gertuko jendearen babesa nabarmena izan da. Eskertu beharrean nago izugarrizko babesa eta bultzada izan baitut. Instituzioei dagokienean, instituzio bezala ez didate babesik adierazi, baina instituzioetan dabilen hainbat jendek edo bestelako pentsaera politikoa duen hainbat jendek bere elkartasuna adierazi dit. Honek ez diola irtenbideari aterik irekitzen jende asko dago jabetuta.
EHAK eta EAE-ANV alderdiak legez kanporatzeko prozedurak hasiak dituzte.
Datorren astean daude bi zitazio desberdin eginak eta nik uste dut erabakia hartua dagoela. Erabakia politikoa delako. Eta hori posible izango da batzuk interes elektoraletan erabiltzen dutelako gaia, eta beste batzuk behar hainbeste aurka egiten ez dutelako. Egia da, Euskal Herriko hainbat alderdi hau ez dela bidea esaten ari direla, baina egia da, baita ere, hori baino indar gehiago dutela honi aurre egiteko, eta ez dira horren aldeko apustua egiten ari. Erantzuna herri bezala ematen ez dugun neurrian, erasoak haunditzen joan litezke.
Horrek zer ondorio izan lezake Udalean?
Otsailaren 5aren aurretik lanean ari gara eta ondorenean ere lanean jarraituko dugu. Ez dakigu neurtzen beste alderdiek zenbaterainoko borondatea eta asmoa duten Udal hauteskundeek eman zuten emaitza eta zilegitasuna errespetatzeko. Guk uste dugu errespetatu egin behar dela eta lau urtez agintean aritzeko ez genukeela zertan arazorik izan behar. Izango den edo ez? Ez dakigu, ez dago gure esku bakarrik. Besteek ere erantzun beharko dute, beren esku egongo delako neurri haundi batean gauzak modu batera edo bestera egitea.
Esperantza eta negoziazio bolada baten ondoren, irteera gabeko gurpil batean ikusten du jende askok etorkizuna. Hau nola desblokeatu liteke?
Lehenengoz borondatea adieraziz, eta orain arte ez da izan. Klase politikoak barneratu behar du honek irtenbideak behar dituela, eta horretarako busti egin behar duela; baita bidean bere alderdiaren interesak galduta ere. Azken prozesuan ez zen alderdien mahai bat eratzera ere iritsi. Bi pertsonek arazoak izan eta konponduko baditugu, hitz egin beharko dugu eta adostasunera iritsi. Bietako batek besteari aurre-baldintzak jarri eta amore emateko exijitzen badio, ez dira adostasunera iritsiko. Eta Euskal Herriko kasuan, gauza bera da. Espero nuen Zapaterok hori ulertuko zuela, eta espero nuen ulertuko zuela prozesuak etekina ematen ziola, baina erakutsi dit kalkulu elektoral hutsetan geratu dela. Ikusiko da martxoa eta gero, edozeinek irabazten duela ere, borondaterik azaltzen duen. Orain artean ez digute erakutsi.