Donostiako zinema kartelera Oscar sariei begira

Kronika - Erredakzioa 2008ko urt. 27a, 01:00

Hollywoodeko Akademiak lehiatik kanpo utzi dituen filmak, hain juxtu, interesgarrienen artean daude

XABIER ERDOZIA ‘LOU’

Otsailaren amaieran banatuko dira Oscar sariak, eta Hollywoodeko Akademiak atera berri ditu sari horietarako aukeratu dituen hautagaien zerrenda. Alberto Iglesias musikagile donostiarraren eta Javier Bardemen aukeraketen berria zabaldu bada ere, niretzat ordea, orain arte ikusitako film estatubatuar interesgarri gehienak lehiaketatik baztertuak izan dira, hori litzake gauza aipagarriena. No country for old men, Juno edota Pozos de ambición hemen estreinatu ez diren arren, ez da logikoa niretzat orain aztertuko ditugun filmak lehian ez izatea, denboraldiko filmerik interesgarrienen artean kokatuko bainituzke.

‘4 meses, tres semanas y un día’ (Errumania, Cristian Mungiu)

Komunikabideek abortuaren gaia azken aldi honetan mahaigaineratu ahal izan dute, eta horrek abortuaren eskubidea praktikara eramateak sorrarazten dituen zailtasunak agerian uzten ditu. Hori da nolabait film errumaniar honek aztertzen duena. Cuatro meses, tres semanas y un día filmak ezin hobeto atertzen ditu abortatzeko zailtasunak sorrarazi ditzakeen ondorio bortitzak. Filma Ceaucescuren Errumanian kokatzen da, komunismoaren azken egunetan, eta gainera, abortatzea ilegala den herrialde batean. Ondorioz, beldurrezko filmak baino beldur sakonagoa sorrarazten duen Cuatro meses, tres semanas y un día ilun hau, infernurako bidea erakusteaz gain, testigu aparta da emakumezkoek askotan pasa behar izaten dituzten egoera latzena. Bestalde, Mungiuk zinemagintzaren xehetasunak menperatzen dituela erakusten digu bere lanean. Hala eta guztiz ere, badirudi gogorregia iruditu zaiela Hollywoodeko Akademiakoei, ez baitute aukeratu ezta film atzerritar hoberenaren sarirako ere. Hor konpon, zeren denboraldi honetan bost film aukeratu beharko banitu, Cuatro meses,tres semanas y un día horien artean egongo litzateke dudarik gabe. Ikusi beharreko film baten aurrean gaude.

‘EN EL VALLE DE ELAH’ (AEB, Paul Haggis)

Azken urteko film hoberenen artean zerrendatu daiteke En el valle de Elah, eta horregatik, Oscarretako lehian ez egotea da Akademiako partehartzaileek aurten gauzatutako aldrebeskeriarik latzena. Estatu Batuetako filmerik interesgarrienetako bat dugu eta maixu obra baten aurrean gaude. Aidanean, pekatu barka-ezina omen da filmak Irakeko gerraren ondorioak aztertzeko duen ausardia, gatazka horren alde deserosoak hipokresiarik gabe azaltzea, alegia. Paul Haggisek Crash filmearekin Oscar saria lortu zuen zuzendari eta gidoilariak (Million Dollar Baby eta Cartas desde Iwo Jima-ko gidoien egilea), bere film borobilena lortu du oraingoan. Thriller poliziako baten ezaugarriak abiapuntutzat hartuz, Haggisek biztanle estatubatuar prototipiko bat azaltzen digu (militar ohia, Irakeko interbentzioaren aldekoa), bizirik daukan seme bakarra, Irakeko gatazkan soldadu ibilitakoa, desagertu zaiona. Emakume polizia baten laguntzaz (Charlize Theron, ondo betetzen du bere rola), aitak Irakeko gerraren ondorioak latzak izan daitezkela ziurtatuko du bere semea aurkitzeko hasten duen bide horretan. Costa Gavrasek zuzendutako Missing filmarekin zer ikusi zuzena du eta nire ustez, baita Michael Ciminoren El cazador-ekin ere; hala ere, azkeneko hau basatiagoa zen eta Haggisenak berriz izaera klasikoa du, eta hori izan daiteke bere erakargarritasunaren arrazoia. Protagonista Tommy Lee Jones da eta bere lanari esker Oscarretan Aktore protagonista hoberenaren lehian izango da, baina film hoberenaren lehiatik kanpo utzi izana da aurtengo Oscarretako injustiziarik haundiena.

‘VIAJE A DARJEELING’ (AEB, Wes Anderson)

Wes Anderson da, duda izpirik gabe, Spike Onze eta Michael Gondryren baimenarekin noski, egungo zuzendari estatubatuar originalena. Academia Rushmore egin zuenetik, bere estiloaren ezaugarriak azaltzen joan da berak zuzendu dituen filmeetan. Los increíbles Tennenbaums filmaren ostetik, Europako zinemaldi ospetsuenak bere filmeen lehian ibili dira. Woody Allenen umorearen eta Buñuelen surrealismoaren artean kokatzen dira zinegile honen filmak eta Estatu Batuetako zinemagintza berritu du. Umore arraroa, beste munduko personaiak, kameraren erabilpen berezia, eta ezinezko istorioak dira, besteak beste, Wes Andersonen estiloaren ezaugarriak. Orain dela bi urte Canneseko Zinemaldian Life aquatic zoroa aurkeztu zuen eta aurten Viaje a Darjeeling-ekin izan da lehian Venezian. Filmak hiru anaiek Indian barrena trenez egiten duten bidaiaren istorioa kontatzen digula esatea filmeari buruz esan daiteken gauza normal bakarra da. Inoiz pelikula batean entzun ditugun elkarrizketak entzuteko prest egonez gero, edo inoiz ikusi ditugun planoak ikusteko prest egonez gero, edota inoiz ikusi ditugun pertsonai marzianoen istorioak dastatzeko prest baldin bagaude, hau da gure filma. Apustu izugarria Wes Andersonena. Eta gainera, zineetan inoiz ikusi ez dugun Indiaren ikuspegia dastatzeko aukera aparta ematen digu. Guzti hau prezio berean. Filmak ez du Oscarretako izendapenik lortu, jakina.

‘DESEO, PELIGRO’ (Txina eta AEB, Ang Lee)

Zinemari dagokionez, aurtengo uzta ez da oparoa izan, eta Estatu Batuetan egindakoari erreparatzen badiogu, zorrotzagoa izan beharko luke gure gogoetak. Horregatik, Oscarretako lehian Deseo, peligro ez egotea zentzugabekeri hutsa iruditzen zait. Film txinatar baten itxura izan arren, ekoizpena nahiz lan taldea estatu batuarra da, oro har. Lee-k Brockeback Mountain (agur eta ohore, Heath Ledger maitea) film zoragarrian aztertutako gaien jarraipen naturala dugu Deseo,peligro hau. Bertan, cowboyen filmean bezala, desioen eta amodioaren ezinezkotasunak batera dijoaz. Oraingoan, Japoniarrek Txina okupatu zuten garaian kokatzen du istorioa Ang Lee-k, eta erresistentziaren talde baten egin beharrak aitzakia moduan erabiliz, desioz eta emozioz beteriko harreman baten berri ematen digu Ang Lee-k, Rodrigo Prietoren argazki lanaren babespean. Maixu lana da Deseo, peligro filma, baina ez du Oscarrik lortuko, ez baitiote aukerarik eman. Petrala da bizitza, benetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!