Traba guztien gainetik

Kronika - Erredakzioa 2008ko urt. 27a, 01:00

Hernaniko zenbait ezindu fisiko bildu ziren ostegunean Biterin, eta herri mailako elkartea osatzea erabaki dute. Alor ezberdinetan, hirigintzan esate baterako, haiek kontuan hartzea da helburuetako bat.

Ezindu fisikoek traba ugari izaten dituzte eguneroko bizitzan, ezintasun horiek ez dituzten pertsonek erraz egiten dituzten gauza ugari egiteko. Gai honen inguruan, aurrera pausuak eman diren arren, oraindik ere sentsibilizazio falta somatzen da, alegia, sektore hau kontuan hartzea. Banaka baino denak batuta indar egitea eraginkorragoa izaten dela eta, elkartea osatzea erabaki berri dute Hernaniko zenbait ezindu fisikoek. Orain arte ez ziren formalki biltzen nahiz eta elkartea osatu aurretik Udalarekin harremanak izan dituzten. Elkarte bat ere badago Gipuzkoa mailakoa, Gipuzkoako Gutxitasun Fisikoa duten Pertsonen Federazio Koordinatzailea. Erakunde honek ezindu fisikoen elkarte ezberdinak biltzen ditu eta haiekin ere harremanak izan dituzte. Osteguneko bileran elkarte koordinatzaileko kideak ere izan ziren, eta elkartea osatzeko eman beharreko urratsak azaldu zituzten. Lehenik eta behin Hernaniko elkartea osatzeko papeloa egin beharko dute, eta azaldu zutenez, lokal bat ere nahi lukete biltzeko, besterik ez bada, beste elkarteren batekin konpartitua. Elkarteari zein izen jarri ere bueltaka ari dira.

Udal Plangintzarako Aholku Batzordean parte hartu

Ezindu fisikoak gehien kezkatzen dituen arazoetako bat da herriko antolamenduari dagozkien gaiak, mugikortasuna alegia. Lurraren lege berriarekin ezindu fisikoek aukera ikusi dute hirigintzaren inguruko proposamenak Udalari iristarazteko. Izan ere, lurraren lege berriak Udalak behartzen ditu Udal Plangintzarako Aholku Batzordea osatzera. Batzorde hau osatuko dute Alkateak, hirigintza zinegotziak, udal alderdi politiko bakoitzeko ordezkari batek eta agenda 21, kultur, kirol, auzo elkarte eta berdintasun saileko kide ezberdinek, besteak beste. Hernaniko ezindu fisikoek batzorde honen berri badute eta behin herri mailako elkartea osatuta, batzorde honetan ere ordezkaritza izan nahi lukete. Udal Plangintzarako Aholku Batzordeak Arau Subsidiarioen aldaketa orokorrak nahiz puntualak biltzen dituzten proposamenak aztertu eta Plenoari aholkuak emateko ahalmena izango luke. Batzorde hau osatzea derrigorrezkoa dute biztanle kopuru batetik gorako herrietako udalek. Gainera, ahalmena ematen zaie udal hauei, Foru Aldundiaren onespenik gabe, arau subsidiarioen eta ordenamenduaren inguruko erabakiak hartzeko.

Hernanin 138 bat ezindu fisiko

Osteguneko bilerara joateko erregistratuta dauden Hernaniko 138 ezindu fisikoei gutunak bidali zizkieten. Bilerara, 18 lagun joan ziren, gutxi dirudien arren, bada zerbait, azken urte honetan oso gutxi izan baitira gai honen bueltan mobilizatu direnak. Bileran azaldu zutenez, askotan ezindu fisikoaren irudia gurpildun aulkian ibiltzen den jendearekin lotzen da: ´ezindutako zenbait jendek uste du ez garela berari buruz ari, gurpildun aulkian ibiltzen den jendearen arazoez bakarrik ari garela, baina ez da horrela, ezindu fisikoen taldea anitza da, bertan sartzen dira, edozein ezintasun fisiko duten petsonak, esate baterako arnasteko arazoak dituzten pertsonak`.

 

Guztion neurriko herria

hernaniN sortzera doan elbarri fisikoen elkartearen erronka nagusietako bat da aldarrikatzea Hernani guztiontzako izan behar duela. Aldarrikapen nagusienak hirigintza eta mugikortasunaren ingurukoak badira ere, badaude beste alor batzuk  kontuan hartzea nahi luketenak, esate baterako, udal informatika zerbitzuak, kirol azpiegiturak eta ikastaroak haientzat egokitzea.

Herriko mugikortasuna

Esan bezala mugikortasuna da elbarriek lantzea beharrezkoa ikusten duten gai nagusietako bat. Azaldu dutenez, legeak jarritako eskakizunak direla eta, eraikitzen diren gune berrietan ezindu fisikoen beharrak kontuan hartzen dituzte, gutxi edo gehiago. Hala ere, azaldu dutenez, kasu batzuetan neurriak jarri bai, ´baina ahaztu egiten dira jarritako erraztasun horiek erabilgarriak izan behar dutela`.
Egoera kaxkarrena herriko gune zaharretan dago, koska, ranpa eta lurrean jartzen diren zenbait materilek bertan eroso ibiltzea ezinezkoa egiten baitu. Adibide bezala herriko alde zaharra jarri dute, bertako komertzio eta taberna askok koska bat dute sarreran, eta hori dela eta askok ezin dute bertan ibili, erosketak egin edo poteatu.
Garraioak ere kezkatzen ditu, autobus zerbitzuetan gruak ez direla beti izaten edota batzutan ez dabiltzala aipatu dute.
Hala ere, sentsibilitate eza herritarren artean ere somatu dute. Adibide moduan jarri dute askok kotxea espaloien gainean aparkatzen dutela eta aurrera egiten uzten ez duten barrera bihurtzen direla. Beste adibide bat da ezinduentzako bereziki erreserbatuta dauden aparkamenduak. Herrian kotxea aparkatzea gero eta zailagoa den honetan, elbarritua ez den jendeak aparkamendu hauek erabiltzen ditu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!