OLAZAGIRREren zerrategiaren auzian arazoak daude eta Nagusiak dira

Kronika - Erredakzioa 2008ko urt. 26a, 01:00

Zerrategiak ez duela arazorik sortzen diozu, eta gainera zerrategiari esker aparkalekua dugula diozu, baita zerrategiari buruz auzokoen iritzia ez dela jaso ere badiozu. Eta zenbait galderekin amaitzen duzu. Zure iritzia da eta errespetagarria da, baina zerbait ahazten zaizula uste dut. Non daude herritarrok ditugun eskubideak? Zerrategia auzoan jartzea Rekondok agintzen zuen Udalaren erabaki arbitrarioa izan zen, eta jarri aurretik, hamaika bileretan, Udalari, zerrategia dagoen lekuan legez ezin zela jarri azaldu genion, baina halere, eta nire ustez Olazagirreri mesede bat egiteko, Udalak Olazagirre S.A.ri baimena eman zion. Konforme ez bageunden epaitegira joateko esan ziguten. Hori izan zen eman zitzaigun aukera bakarra. Epaitegietara joan ginen, eta epaitegietan bi aldiz frogatu dugu Udalak emandako lizentziak legeen aurka eman zirela. Zer nahi duzu egitea Jabi? Isiltzea eta gauzak dauden bezala uztea? Ditugun eskubideak ukatu behar ditugu aparkaleku baten truke? Uste dut ez garela hain exkasak. Printzipioak non daude? Agian, Jabi, zuri, horrelakoak bost axola. Udalak egiten duen guztiari men egin eta isilik egotea da zure portaera? Ez da gure bizitzeko era. Eta gauzak dauden bezala uzten baditugu zer gizarte eredu ari gara bultzatzen? Jauntxoek nahi zutena egiten zuten garaikoa? Ba nik behintzak ez dut horrelako gizarte eredurik nahi. Amaitzeko, Jabi, dakizun bezala, igande honetan Arriatsu eskolan batzarra dugu, eta bertan erabakiko dugu zer egin. Azaldu nahi baduzu. Josu Arrieta
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!