Hernani-Liceo Francés bihar Landaren: ligako haundienari sorpresa ematera

Kronika - Erredakzioa 2008ko urt. 26a, 01:00

Hernanik partidu zaila izango du bihar Landaren, ligako liderraren aurka, Liceo Frances Madrilgo taldearen aurka. Aurtengo helburua lehen bi postuetan bukatzea zuten hernaniarrek, eta ahal zela mailaz igotzea, baina zorte txarra izaten ari dira eta oso talde justuarekin aurre egin behar izan diote partidu askori. Biharko partidurako ere 10-12 baja ditu Hernaniko taldeak eta bigarren taldeko jende askok jokatu beharko du. Hala ere, Landare beti da zelai zaila aurkarientzat eta bihar sorpresa ematen saiatuko dira Hernaniko jokalariak. Horretarako, jokoa aldatzen saiatuko dira hernaniarrak Joxe Elosegi entrenatzaileak Kronikari adierazi dionez, Madrildarrek Kronika irakurriko ez duten esperantzan: ´normalean baino motzago jokatzen saiatuko gara eta ahal dela baloia kanpora bota gabe eskura jokatuko dugu`. Touch-etan oso onak dira Madrildarrak eta hor oreka ezingo dutela puskatu uste du Elosegik. Beraz, eskura eta motzago jokatuta saiatuko dira liderra dantzan jartzen. Madrildarren indarra non dagoen galdetuta, aurre aldea oso indartsua eta atzelari pare bat oso abilak dituztela azpimarratu du hernaniarren entrenatzaileak.

Helburu zaila
Hernaniarrek oraindik aukerak badituzte lehen bi postuetan sartzeko, baina oso zaila izango da Gernikari aurrea hartzea. Azken lau partidutatik hiru galdu beharko lituzkete bizkaitarrek eta hernaniarrek guztiak irabazi. Hainbeste bajarik gabe, edozeini aurre egiteko moduko taldea du Hernanik, eta hutsuneekin ere, hirugarren postuan dira, denboraldi zaila aurrera ateratzen. Datorren denboraldian pentsatzen hasiak dira hernaniarrak, bloke sendoa osatu eta Ohorezko mailara igotzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!